SEXUMATOIA: MIREN NOGALES
“EMAKUMEOK 30 URTETATIK AURRERA GOZATZEN DUGU GEHIEN”
MIREN NOGALES SAGARTZAZU AKTOREA (ZESTOA, 1991) ‘PIKUAK’ WEBSAILEAN IKUSI GENUEN ETA AZKENALDIAN, BERRIZ, ‘HERRI TXIKI, INFERNU HANDI’ ETA ‘GORA BIHOTZAK’ TELEBISTA SAIOETAN. ZINTZOTASUNEZ ERANTZUN DIZKIGU GALDERAK.
- Zein da zure film erromantiko gogokoena?
The Notebook (Nick Cassavetes, 2004) eta P.S. I Love You (Richar LaGravenese, 2007). - Eta noizbait bero-bero jarri zaituen telesaila?
Sex Education (Laurie Nunn, 2019-…), baina telesail askorekin jarri izan naiz bero-bero. - Noiz eman zenuen zure lehen musua?
Hamahiru bat urterekin, Azpeitiko parke batean, nire lehenengo mutilarekin. Gustatu zitzaidan, baina arraro samarra izan zen. - Joango al zinateke zita batera itsu-itsuan?
Leku seguru batean bai. - Zer da zita batean inoiz esan behar ez dena?
Asko hitz egiten dut eta azkenean dena esaten dut. - Zer da lehen begiratuan erakartzen zaituena?
Begiak, ahoa eta eskuak. - Inoiz eman al dizute kalabazarik?
Ezetz esango nuke. Norbaitek eman baldin badizkit, esan lasai. - Zein da ligatzeko erabili duzun trikimailurik onena?
Nik uste barre asko egitea eta naturala izatea dela onena. - Herri txikietan ala hirietan ligatzen da gehiago?
Herri txikietan uste baino gehiago ligatzen da, baina hirietan gehiago ligatu dut. - App-ak edota sare sozialak ligatzeko erabili al dituzu?
Bai, Tinderra. Oso gomendagarria. - Zer da sare edo aplikazio bidez ligatzerakoan gertatu zaizun gauzarik bitxiena?
Mutil batekin geratu behar nuen egunean, lagun bati mutilaren argazkia erakutsi eta esan zidan aurreko astean harekin geratu zela, oso jatorra zela, baina joateko, bera beste bat ezagutzen ari zela eta. Urte eta erdi egon nintzen mutilarekin eta nire bizitzako pertsonarik garrantzitsuenetariko bat da. - Zer menu prestatuko zenuke zita batean?
Steak tartarra da nire espezialitatea, edo lasagna eder bat. - Inoiz eman dizuten gomendiorik onena ligatzeko?
Lagun batek beti esaten digu: “Ez naiz medikua, baina zuri zita bat emango nizuke”. Oso txarra, kar-kar. - Zurekin oheratzeko hobekien funtzionatu duen esaldia?
“Siesta bat bai?”. Begirada batek asko esaten dit. - Maniarik ba al duzu oheratzerakoan?
Ahal bada behintzat, ondorengo dutxa. - Etxeko zein txoko da zuretzat onena sexurako?
Denak dira onak, momentuan harrapatutakoa beti primeran! - Inoiz harrapatu al zaituzte jo eta su?
Harrapatu ez, baina entzun bai. Nire pisukide eta lagun Aritzek. Hurrengo egunean barre pila bat egin genuen. - Inoiz egin al duzu txortan leku publiko batean?
Eta nork ez? Gurasoen etxean bizitako urteak oso garai gogorrak dira. - Larrutan egin duzun lekurik gogokoena?
Gurasoen etxeko ganbara leku berezia izan da beti. - Sexuan izan duzun esperientziarik gozagarriena?
Asko, baina uste dut orain emakumeok 30 urtetatik aurrera gozatzen dugula gehien.