'Sorda', gorrentzat gaztelaniaz azpititulatu duten film espainiarra

Entzuten dugunontzat eraikitako mundu honetan sarri askotan ez gara ohartzen gorrek eguneroko bizimoduan izaten dituzten trabez eta komunikazio arazoez. Zineman film bat ikusi ahal izatea bera ezinezkoa izan daiteke gorrentzat kasu askotan. Izan ere, gaztelaniazko filmek ez dute azpititulurik izan ohi Espainiako Estatuan. Bestelako hizkuntzetan dauden pelikulak ikusteko emanaldiak izaten dira azpitituluekin; bikoiztuta izan beharrean, jatorrizko bertsioan ematen baitituzte pelikulak.
Orain bada, ordea, gorrek gaztelaniazko azpitituluekin zinemetan ikus dezaketen film espainiarra: Sorda. Gainerako guztiak bezala, lasai asko joan daitezke aretoetara, zerbait ulertuko ote duten beldurrik izan gabe. Eva Libertad zuzendariaren ezinbesteko baldintza emanaldi guztietan azpitituluak izatea zen, baina hori lortzeko elkarrizketa asko izan ditu ekoiztetxe eta banatzaileekin, azpitituluak jartzeak ikusleak galtzea ekarriko ote zuen beldur baitziren haiek.
Eva Libertad zuzendariak gertutik bizi du gorren errealitatea. Bere ahizpa, Miriam Garlo, pelikulako protagonista, gorra da zazpi urte zituenetik. Filma bera ere egoera pertsonal batetik sortu zen. Miriam Garlok ama izan nahiko lukeela adierazi zion ahizpari, baina beldur ugari zituen. Garlok idatziz jaso zituen bere beldurrak eta hamar orrialde bete omen zituen. Hortik jaio zen 2023an Goya sarietan izendaturiko film laburra eta, ondoren, film luzea.
Pelikulak gorra den Angelak gizartean bizitzen dituen zailtasunak kontatzen ditu, batez ere haur bat hezterako garaian. Angela gorra da, baina bere bikotekidea ez. Angelari amatasunaren inguruko beldur asko sortuko zaizkio haurdunaldian; gorra izanik, alabarekin izango duen komunikazioak kezkatzen du eta baita nola haziko duen ere gorrentzat eginda ez dagoen mundu honetan. Egoera horrek bikote harremanean eragina izango du.
Elkarrizketak eta zeinu-hizkuntza uztartzen ditu filmak, eta pertsona gorren testigantzak hartu dituzte aintzat istorioa josterako garaian. Libertad zuzendariak azaldu duenez, "entzuten duten eta gorrak diren pertsonen arteko topalekua sortu nahi du" lan honen bitartez, eta "sekula horretan pentsatu ez arren, pertsona gorrek egunerokoan izaten dituzten komunikazio-oztopoak ikusarazteko modua da".