Soziosexualitatea

Maitasunik gabe ere harreman sexualez gozatzeko gaitasuna da

Noizbehinkako harreman sexual loturagabeak edukitzea eta horiekin gozatzea nagusiki (edo gehiago) genero maskulinoari lotu izan zaion jarrera da.

Baina, Anne Campbell psikologoak (Durhamgo Unibertsitatea, Ingalaterra) eta Paula England soziologoak (New Yorkeko Unibertsitatea) elkarlanean garatu duten ikerketa baten ondorioek diote joera hori ez dela biologiak determinatzen duen zerbait, baizik eta noizbehinkako koito-harreman horietan sentitutako plazerarekin duela zerikusia, eta plazer-maila hori, era berean, gaitasun soziosexualak baldintzatzen duela. Kontu sozial edo kulturala dela, alegia.

Ikerketa honetarako bildutako datuen arabera, harreman egonkor bat duten emakumeek orgasmo gehiago edukitzen dituzte lotura emozionalik gabeko harreman sexualak edukitzen dituztenek baino (azken multzo honetakoen artean, soilik %40k edukitzen dituzte orgasmoak).

Zergatik gertatzen da hori? Jarrera soziosexuala da konpromiso afektiborik gabeko harreman sexualekin gozatzea ahalbidetzen digun jokabide edo gaitasun soziala. Eta honek lotura zuzena du halako esperientzietan aldez aurretik izandako asebetetze-mailarekin eta, batez ere, sexuaren inguruan ditugun motibazio eta aurrejuzkuekin. Hala, gure gizarteetan genero femeninoari atxikitu izan zaizkion rol sozialek (garbitasuna, zintzotasuna, leihaltasuna, apaltasuna, pasibitate sexuala, printze urdinaren zain geratzeko gai den emakume objektua, maitasun erromantikoaren mitoa...) eta diktadura estetikoak ere bai (honek norberarengan eragiten duen segurtasun faltarekin) emakume askoren gaitasun soziosexuala deuseztu edo, behintzat, kaltetzen du; erosoago sentitzen dira konfiantza maila altuko harreman egonkorretan.

Hortaz, unibertsitate ikerketa honetako ondorioek gogorarazi duten bezalaxe, ez ahaztu sexua primerako tresna dela autoestimua igotzeko, eta depresioa nahiz estresa apaltzeko. Baina horretarako aurrejuzkurik, lotsarik eta taburik gabe bizi behar dugu sexua!!

The Casual Sex Project webgunean edozeinek parteka ditzake bere esperientziak noizbehinkako harreman sexualen inguruan, eta horrela nork bere sexualitatea hobeto ulertu, eta ingurukoena ere bai!