Sünek 'Amaineman' diskoa kaleratu du, trikitixa eta elektronika lagun
Mugimendu eta freskotasunez betetako diskoa dela nabarmendu du artistak.
Sünek bakarkako etapari heldu dio buru-belarri Huntzaren amaiera eta gero. Hamaika abestiz osatutako Amaineman izeneko lehen diskoa kaleratu du.
Amaineman diskoaren izenburua nondik datorren ere azaldu du artistak; gaztelaniazko “dejarse llevar”, “fluir” edo “dar rienda suelta" esamoldeen parekoa da, bi hitz diren arren (amain eman), berak elkartuta idatzi duena. Euskaraz askorik zabaldu ez den esamoldea da, eta artistak lehen planora ekarri nahi izan du.
"Hasierek ematen duten askatasunarekin zein beldurrarekin" sortu ditu abestiak, eta "amaierez eta etapa aldaketei buruz" kantatu du. Tradizioa, emakumeen ahalduntzea zein egunerokotasuneko gaiak jorratu ditu, besteak beste.
Trikitixa eta elektronika soinuak uztartu ditu diskoan. Landa giroa eta tradizioa elektronikaren freskotasunarekin eta mugimenduarekin konbinatu ditu, esaterako Lau Korapilo eta Txitxarro kantuetan. Mugimendu askodun diskoa da oro har.
Kolaborazioak ere baditu, horietako bat Huntza taldearekin batera. Bere betiko taldeaz gain, honako artista hauek izan ditu bidelagun kantuetan: Veintiuno, Antia Muíño, Greta Ch’aska, Moonshine Wagon eta Rikki.