Sutan Bang: "Herri honi euskarazko eduki alternatibo eta anitzak eskaintzea da gure desioa"
Gurea, erraldoien lana egiten duten komunikabide txikiz osaturiko lurraldea da. Orotariko informazioa landu eta hamaika toki zein gai ordezkatzen dituzten itsasargi baliotsuak dira, baliabide eskas eta ilusio handiz aurrera egiten dutenak. Atal honetan beren lana ezagutzera emango dugu. Hilabete honetako gonbidatuak, ikus-entzunezko edukiak sortu eta elkarbanatzeko egonezina duten gazte talde bat: 'Sutan Bang Kolektiboa'
'Sutan Bang Kolektiboa'. Zergatik izen hori?
Kolektibo hau Molotoff irrati librearen eboluzio bat dela esan dezakegu. Hortaz, gure aitzindari izandako proiektuari keinu bat egitearren erabaki genuen izena. Izan ere, Sutan Bang da koktel molotoffak egiten duena. Sutan dagoenean, eztanda.
Zeintzuk zaudete proiektuaren atzean?
Kolektiboaren atzean ikus-entzunezko edukiak sortu eta elkarbanatzeko egonezina genuen gazte batzuk gaude. Guztiok bide eta arrazoi ezberdinengatik ezagutu gara, baina, denok dugu desio berbera; herri honi euskarazko eduki alternatibo eta anitzak eskaintzea, gainontzeko herriek badituztenak, baina, guk ez...
Nola sortu zen ideia?
Profesionalki asegabe sentitzen ginen garai batean, kide bakoitza bere kabuz ideia ezberdinak ernatzen hasi zen. Norbera bere etxean, ondokoarekin harremanik izan gabe. Baina, bat-batean, hara bizitza nolakoa den, kideetako bik topo egin zuten ekoiztetxe batean lanean zebiltzala. Gauza batek bestera eraman zuen eta, bang!
Zein da zuen helburua?
Gure nahia, Euskal Herrian hain errotua egon den, eta dagoen, irrati libreen mugimendua pixka bat harago eramatea da; era autogestionatu, horizontal, eta libre batean. Eta noski, euskara hutsean.
Gizarteak aurrera egin ahala, guk ere egokitzapenerako gaitasuna izan behar dugu. Egungo kontsumo ohiturak ez dira duela 30 urtekoak, hortaz, ezin gara atzean geratu. Iraganean bizitzea beti da negatiboa edozein lurralderentzat, baina Euskal Herriaren kasuan arazoa askoz ere larriagoa izango da beti, ondoan ditugun kultura erraldoiek are eta txikiagoa bilakatuko gaituztelako interneteko sare infinitu honetan.
Gure nahia, Euskal Herrian hain errotua egon den, eta dagoen, irrati libreen mugimendua pixka bat harago eramatea da; era autogestionatu, horizontal, eta libre batean. Eta noski, euskara hutsean.
“Gazteok gazteontzat egindako saioa” diozue; zein eratako publikoa da euskal gazteria?
Hori ezagutzea da gure nahietako bat. Sarean kontsumitzen ditugun eduki gehienak ingelesez, frantsesez edo gaztelaniaz ikusten ditugu. Espainiar edo Frantziar estatuko gazteen joera zein den identifikatu genezake Youtube, Twich, Instagram eta bestelako sareetan arrakasta duten horiek zeintzuk diren lokalizatuz. Euskal Herrian, ordea, ez dugu horrelako neurgailurik. Anekdotikoa da, zoritxarrez, interneten edukiak euskaraz sortzeko dagoen joera. Non daude euskal YouTuberrak? Gamerrak? Streamerrak? Podcasterrak? ...
Nazioarteko gainerako gazteekin alderatuz desberdintasunik sumatzen duzue?
Izatez, bagara ezberdinak. Eta ezberdintasun horren baitan, inguratzen gaituen orok sortzen du gure izatea. Zenbat eta ingurumen globalago batean bizi, orduan eta berdinagoak izango gara; baita gustu kontuetan ere. Hala ere, baikorrak gara, interneten aroa hasi besterik ez da egin. Horregatik, oraindik sarean gure nortasuna landu, erakutsi eta babesteko garaiz gabiltzala uste dugu.
Sare sozialak ezinbestekoak dira zuen erako proiektuak zabaltzeko? “Sare sozialik gabe ez zara ezer” diote askok, ados zaudete?
Interneten ez dagoena, ez da existitzen orain arte, telebistan agertzen ez zena bezalaxe. Gurea bezalako proiektuek ez lukete lekurik izango asmakizun hau gabe. Bere garaian, irrati libreek FM frekuentziarik gabe bezala. Sare sozialetan erakusten ez dena ere, nahiz eta online egon, askotan galdu egiten da internet deituriko unibertso handi honetan. Beraz, bai, sare sozialak ezinbestekoak bihurtu dira gure proiektua zabaltzeko eta sare sozial guztien artean, esan beharra dago, Instagram dela gaur arte behintzat, gure proiektua zabaltzeko tresna garrantzitsuena. Internet ez da inoiz helburu bat izan, bide eta tresna huts bat baizik. Biharko egunean ziur, gure ondorengoek beste komunikazio bide batzuk erabili beharko dituztela esan nahi duten hori plazaratzeko eta internet antzinako asmakizun moduan ikusiko dute. Hau da guri bizitzea egokitu zaigun garaia. Antzinaroan uso mezulariak zituzten, ondoren korreoa, gaur egun Whatsappa eta bihar hologramazko mezuak. Nork daki. Etorkizunera ezin dugu bidaiatu, ez dago gure esku hori egitea, baina, bai antzinan ez bizitzea.
"sare sozialak ezinbestekoak bihurtu dira gure proiektua zabaltzeko eta sare sozial guztien artean, esan beharra dago, Instagram dela gaur arte behintzat, gure proiektua zabaltzeko tresna garrantzitsuena"
Instagram kontuetan “kamera atzean” dagoen guzti hori ere erakusten duzue. Edukiaz gain, garrantzitsua da proiektu zehatzean dauden pertsonak erakustea?
Noski baietz, gure taldekideen erdiak kamera atzean egiten du lan. Beste erdiak ere egin izan du banbalinen arteko lan hori, beraz, lehen eskutik dakigu zein frustragarria den zure lana baloratua ez izatea. Film batean adibidez, aktoreek eramaten dute etxera meritu eta ospe guztia. Non geratzen dira kamera operadoreak, editoreak, soinu teknikariak, gidoilariak etab. Non? Lan bakoitzari merezi duen errespetu eta ikusgarritasuna ematea ezinbesteko arautzat dugu geure artean.
Orain arte izan duzuen zailtasun handiena?
Jendea lortzearena, dudarik gabe. Badakigu herri aktibo batean bizi garela, baina, orain arte ez dugu proiektuan parte hartu nahi duten pertsonekin topo egin. Kontziente gara jendea ez dela gugana hurbilduko, horregatik komunikazio plan bat osatzen ari gara. Sareen bitartez jendeari gure kolektiboa zer den azaldu nahi diogu, baita gugana gerturatzeko gonbita egin, denen artean euskarazko edukiak sortzeari ekiteko!
Kolektiboaren barruan, On the record musika saioa eta KAO telebista saioa sortu zenuten orain hilabete batzuk; pozik orain arte egindakoarekin?
Ez. Hain zuzen, galderan ongi adierazten den moduan gure edukiak orain arte telebista saio moduan planteatu ditugu. Oso argi genuen lehen minututik guk ez genuela online telebista bat sortu nahi. Internetek eskaintzen zizkigun abantailak aprobetxatzeko asmoa geneukan, baina, horretan geratu da, asmo hutsean. Konturatu gara oso elkarlotuak ditugula ikus-entzunezko edukiak telebistara eta dena formatu horren baitan planteatu izan dugula, harago begiratu gabe. Hala ere, ez gara damutzen egindakoaz, urte eta erdi honengatik ez balitz, oraindik telebista saioak egiten jarraituko genukeelako. Arazoaz kontziente, gure egitura goitik behera aldatu dugu. Hemendik aurrera jendeari nahi duena bakarrik ikusteko aukera eskainiko diogu. Ez da tarte askoz osaturiko saiorik izango, tarte horietako bakoitza saio indibidual bat izango da.
Zertarako 25 minutuko magazineak interneten? Batek zuzeneko kontzertuak ikusi nahi ditu, beste batek gaurkotasun kontuak ditu nahiago, badira sukaldeko errezeten inguruan interesa dutenak... Bakoitzak erabaki dezala zer ikusi, noiz ikusi eta nola ikusi!
Badakigu herri aktibo batean bizi garela, baina, orain arte ez dugu proiektuan parte hartu nahi duten pertsonekin topo egin.
Zeintzuk dira zuen erreferenteak?
Nazioartekoan NPR Music, No te metas en política, La vida moderna... eta gurean agian erreferenterik handiena Argia komunikabideak egiten zuen Beranduegi albistegia. Faltan botatzen dugu kideok saio hura...Tantaka telebista ere aipatu beharra daukagu, noski. Gu bezala jaio berria den eta hazte prozesuan dabilen proiektua.
Etorkizunean zer?
Gure ametsik handiena Euskal Herrian barrena ikus-entzunezko kolektibo autogestionatu gehiago sortzea litzateke. Berdin zaigu Sutan Bang edo Uretan Plast deitu, garrantzitsuena aipatu dugun irrati libreen arima bizirik mantentzea delako eguneratutako formatu batean.Euskaldunok asko dugu eskaintzeko 0 eta 1ez osatutako ozeano honetan.
SUTANBANG KOLEKTIBOA Instagramen: @sutanbangkolektiboa