Tabakalerak 'Topalekuak' erakusketa zabaldu du, Chillidaren eta hainbat artistaren obrekin

Arte garaikidearen eta Eduardo Chillidaren obren arteko elkarrizketa da erakusketa.

Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrenaren aitzakian, Tabakaleak Topalekuak erakusketa zabaldu du. Bertan, Chillidaren obra eta praktika artistiko garaikideak jarri dituzte elkarrizketan, "artista donostiarraren obraren funtsezko gaien inguruan ikuspegi berriak esploratzeko" asmoz, egungo praktika artistikotik abiatuta. 

Bertako eta nazioarteko diziplina askotariko artistak murgildu dira Chillidaren obran: Elena Aitzkoa, Josu Bilbao, Laia Estruch, Sheroanawe Hakihiiwe, Juf (Bea Ortega Botas eta Leto Ybarra), Christian Salablanca Díaz, Marianna Simnett. 

Chillidak honela esaten zuen: “Esperientzia jakintzara bideratzen da. Pertzepzioa, berriz, jakitera”. Hala, jakintzaren metaketa zalantzan jartzen duen ideia horretan inspiratuak dira erakusketa honetako proposamenetako asko. Eta hauekin batera Chillidak igeltsuz egindako bi pieza txiki daude ikusgai.

Erakusketak espazio bat eratzea du helburu, "hausnarketarako gune bat intuizioari buruz, bilaketa-lanerako elementu gisa, eta lekuarekiko loturari eta beste ezagutza-modu sentikor eta sentsorialago batzuei buruz, lan-metodologia gisa". 

Jarduera-programa
Tabakalerak jarduera-programa zabala antolatu du erakusketaren inguruan. Uztailaren 11n, bisita gidatua egingo dute Chillida Leku Museoko zuzendari den Mireia Massaguérekin, 19:30ean. Uztailaren 20an ere beste bisita gidatu bat egingo dute, baina Mikel Chillidarekin, 12:00etan.

Bestetik, uztailaren 3tik urriaren 2ra, uztailaren 31n izan ezik, asteazkenetan, bi astean behin, bisita solasaldia egingo dute. Gaztelaniazkoa 18:00etan izango da, eta euskarazkoa, 19:00etan.

Familientzako Kameleoiak gara! arte lantegia ere prestatu dute, uztailaren 13an, abuztuaren 24an eta irailaren 14an.

Irailaren 5 eta 26rako arte garaikidera hurbiltzeko ikastaroa antolatu dute, Chillida Leku Museoko Hezkuntza eta Ikerketako arduradun Nausica Sánchezekin. Landa-kulturaren eta lurraldearen inguruan aplikatutako pentsamenduaren artisau-lantegia izango da. 

Urriaren 4an, Jufek (Bea Ortega Botasek eta Leto Ybarrak) Sokasalto pieza aktibatuko du, 19:00etan. Hurrengo egunean, bisita gidatua egingo dute Soledad Gutierrez komisarioarekin, 12:00etan, eta ordubete geroago, Elena Aitzkoa artistak abestutako Toda la noche ha llovido fuera ekintza izango da.