Tabakoa uzteak eragin positiboa dauka osasun mentalean

Tabakoak osasun fisikoari egiten dizkion kalteak soberan ezagutzen ditugu, eta ez bada horrela, tabako kaxek etengabe gogorarazten dituzte erretzearen ondorioak, dela minbizia, bihotzeko arazoak, biriketako gaixotasun kronikoak, osteoporosia, artritisa, eta abar luze bat. Baina gutxi hitz egiten da erretzeak osasun mentalean duen eraginaz; azken ikerketen arabera, tabakoak eragin zuzena dauka buruko osasunarekin.
Gauzak horrela, erretzeari uzteak ondorio positibo nabarmenak izan ditzake osasun mentalean. Uste zabaldua da erretzeari uzteko prozesuak antsietatea eta depresioa eragin ditzakeela, baina ez da egia; hasierako prozesua gogorra izan daitekeen arren, epe ertain-luzera buruak hobera egingo du nabarmen. Hauek dira erretzeari uzteak osasun mentalean eragin ditzakeen onura garrantzitsuenak:
- GAIXOTASUN MENTALEN ARRISKUA GUTXITZEA: Tabakoak adikzioa sortzen du, eta adikzioek nabarmen igotzen dute gaixotasun mentalak jasateko arriskua. Abstinentzia sindromea igarotzea da erretzaileentzat gogorrena, baina aste gutxitan (ikerlarien esanetan 6 astetan) erretzeko beharra desagertu egiten da; orduan, burua adikzio horretaz sendatzen hasiko da.
- DEPRESIO ETA ESKIZOFRENIA ARRISKUA GUTXITZEA: Antza denez, harreman zuzena dago tabakoaren eta aipatutako bi gaixotasun mentalen artean; horrek ez du esan nahi tabakoak depresioa ala eskizofrenia eragiten dituenik, baina bai eragileetako bat izan daitekeela. Erretzeari uzteak beraz, depresioari edota eskizofreniari aurre egiteko bidea izan daiteke.
- ONGI SENTITZEA ETA SENTIPEN POSITIBOEK GORA EGITEA: Inkestek diotenez, erretzaileei gehiago kostatzen zaie ongi eta zoriontsu sentitzea. Erretzeari uzteak umorea hobetzen du, pentsamendu positiboek gora egiten dute eta gezurra badirudi ere, estresaren hormonak gutxitzen ditu; oso labur esanda, zoriontsuago egiten gaitu.
- AUTOESTIMUA HOBETZEA: Erretzeari uztean geure gorputzarekin hobeto sentitzen hasiko gara; indartsuago sentitu gaitezke, energia gehiagorekin, eta horrek autoestimua hobetu dezake.