Telefono deiak erantzuteko fobia gainditzeko ikastaroa sortu dute Ingalaterran
Belaunaldi gazteetan ohikoa da telefono deiek antsietatea edo beldurra sortzea.
Telefonoz deitzea izan da ohikoena urte askoan, baina emailek eta mezuek, baita audio-mezuek ere, bestelako aukera bat eman digute komunikatzeko. Sarritan errazagoa iruditzen zaigu hala egitea, lasaitasunez eta patxadaz presta dezakezulako besteari esan nahi diozuna, modua ere zainduz, eta besteak ahal duenean edo nahi duenean erantzun dezakeelako, jasotako informazioa barneratu eta pentsatu ondoren.
Hain zuzen ere, Uswitch-ek 2000 laguni egindako inkesta baten arabera, 18 eta 34 urte arteko gazteen %70ak nahiago du mezu bat bidali, telefonoz deitzea baino, eta %23k erantzun du ez lukeela sekula telefono deirik hartuko. Sare sozialen bidez komunikatzea da modurik gogokoena %48arentzat eta %37k ahots bidezko mezuak aipatu ditu.
Hala, telefonoz hizketan aritzeak gazteengan sortzen duen antsietateaz eta egonezinaz jabetuta, Ingalaterrako Nottingham Unibertsitatea beldur hau gainditzeko saioak egiten hasi da ikasleentzat. Telefonoa modu formalean erabiltzeko falta zaien konfiantza lantzea da asmoa.
BBC-k jakinarazi duenez, saio hauetan ikasleek elkarrizketetan egin ohi diren galderen rol-jokoak praktikatzen dituzte. Izan ere, lan kontratazio enpresetan telefono bidezko elkarrizketak egin ohi dituzte. Horretaz gain, jatetxeetara deitzen dute zer ordutan irekiko duten galdetzeko eta baita dendetara ere, produktu jakin bat ba ote duten jakiteko.
Pixkanaka, interakzio mota hauetara ohitu eta telefono bidez hitz egitea erosoagoa izatea dute helburu.
Zer iruditzen zaizu? Zuk ere parte hartuko al zenuke halako saioetan?