Telmo Irureta aktorea protagonista duen 'Udaberriaren Sagarapena' filma emango dute gaur ETB1-en

Garun paralisia duen mutil baten, haren amaren eta unibertsitateko ikasle baten arteko harremana du ardatz filmak.

Fernando Francok zuzendutako Udaberriaren sagarapena filma estreinatuko dute gaur gauean, ETB1en, 22:30ean. Bizitzako momentu bat kontatzen du filmak, non dena den posible, eta ezustean ezagutzen dituzun pertsonak erabakigarriak izan daitezkeen. 

Hauxe da filmaren sinopsia: "Laura Madrilera iritsi berri da unibertsitate ikasketak egiteko. Gau batean, ezustean, David ezagutuko du, garun paralisia duen mutil bat. Davidekin eta haren amarekin izango duen harremana dela eta, Laurak alde batera utziko ditu konplexuak eta segurtasun ezak, etapa berri bati konfiantzaz aurre egiteko". 

Telmo Irureta, Valeria Sorolla eta Emma Suarez dira pelikulako aktoreak. Telmo Iruretak aktore berri onenaren Goya saria eskuratu zuen film honengatik. 

Zuzeneko emanaldia ikusi ezin duenak, Primeran plataforman ere ikus dezake 2022an estreinatu zen filma. Ordu bat eta berrogeita sei minutuko iraupena du.