The Sparteens: “"Punkak Ye-ye musika du oinarri”a"

The Sparteens: “"Punkak Ye-ye musika du oinarri”a" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/the-sparteens-quotpunkak-yeye-musika-du-oinarriaquot/@@download/image/the_sparteens_1369750763.jpg
2009/06/05
elkarrizketa
Jasone Sears
The Sparteens: “"Punkak Ye-ye musika du oinarri”a"
Lapurtar jator bezain ero hauek twistaren euskal enbaxadore dira munduan. Dagoeneko hainbat single kaleratu dituzte eta gure arreta bereganatu dute. Zuekin… The Sparteens!… One, two, three, four!  


Zer da The Sparteens?

The Sparteens 1961. urtean egin ginen Europan ezagun, Donostiako La Voz de España egunkariak antolatutako Twist txapelketari esker. Hori izan zen gure tranpolina. Frankismo garai gogorrak izan arren, gazteak eta ederrak ginen eta irakiten hastear zen mugimendu baten parte sentitzen ginen. Hainbestetan ikusi genituen Marisol, Rocio Durcal edo Conchita Velascoren filmeen izpiritua berpiztea bururatu zitzaigun, fribolitatearen aldeko aldarria egitea, hain serioa bilakatzen ari zen sasoiari ihes egiteko…

Egia esan, txantxa bat besterik ez da. Bi lagunen arteko broma izan zen, eta pixkanaka lagun artean biltzen hasi ginen. Irizpide bakarra dugu, baina ezinbestekoa: ilean marra orraztea eta trajea eta gorbata janzteko prest izatea. Horrela osatu genuen taldea.

Bertsioz osaturiko sei single argitaratu dituzue orain arte, bakoitza opari eta guzti. Noizko iraupen luzeko diskoa?

Gure helburua ez da iraupen luzeko diskoa. Single formatua lantzea eta horrek dakarren eroaldia interesatzen zaigu, momentuz. Hilerokotasuna da taldearen motorra, abesti berriak etengabe landu eta aurrera egitea. Baliteke, noizbait, lan energia horren lekukotasuna bilduma batean jasotzea, baina hori denborak eta ekonomiak erabakiko dute.

Zuzenekorik eskaini duzue? Nolakoak dira?

Freskoak eta… ikusezinak, oraindik ez baikara zuzenekoekin hasi. 2008ko abuztu bukaeran proiektua abiatu genuenetik lanez gainezka izan gara, single bakoitzak hilabete osoko lana baitakar. Bitarte horretan zuzenekoa prestatzen aritu gara. Gu lauez gain (Maribel, Paul, Sardock eta ni, Douglass), big-band bat izango dugu aldamenean: The Slippery Twist Orchestra. Iragan astean entsegu orokorra egin genuen Miarritzen eta esan diezazuket ileko marra ezkerretik eskuinera pasatu zaidala, kar, kar…

Zu atrapatu arte, Txus, Good save the queen… Grease kutsuko goateke baterako moldatu izana apustu berritzailea bezain probokatzailea (zentzu onenean) izan da, zaila baitirudi Olivia Newton Johnn eta John Travolta txosna giroan imajinatzea…

Norabide horretan agian bai, baina kontrakoan ez: erraz imajina ditzakegu Fermin edo Evaristo twist dantzatzen, baita Aitor Gorosabel ere… Gainera, hartutako abesti guztiak oso ye-ye dira, punk abesti guztiak oinarrian ye-ye dira eta. Ez da kasualitatea La Pollaren Tengo una chica muy ye-ye abestia!

Kojon Prieto taldeak Txus abestiari egindako bertsioaz gain, orain arte ia inork ez zuen halako bertsio dantzagarririk egin. Eta zuek, hiruzpalau egin dituzue jada. Zuen eremua klasikoen berrikuspenak al dira?

Elkarrizketa honetan Kojon Prieto aipatzea ohore handia da, Iruñea aldeko talde haiei errespetu handia baitiegu (Tijuana, Tonino, Lehendakaris… eta, jakina, Barricada). Azken hauen bertsio bat egiteko irrikaz gaude, helburua gure gazte garaietako soinu banda haien bertsioak egitea baita.

Singleetan eta estetika asko zaintzen duzue. Ye-ye, rocker, mod… estiloek badute tokia egungo gazteen artean?

Ez dakigu, estilo bilakaerek zer ekarriko duten ezin da asmatu. Gu kasualitatez genbiltzan ideia honekin, gure artean barre egiteko broma bat besterik ez zen eta sorpresa handia izan da Iruñean, Hondarribian eta beste hainbat hiritan antzeko taldeak bazirela jakitea: Los Karatekas, Las Sfinters, Les Foralettes… Amy Winehouseri esker mototsa modan jarri da, eta airean darabilen zera horrek lekua lortuko du egungo gazteen artean.

Txapelketak ere antolatzen dituzue single bakoitzaren harira. Esaterako, Malvinas irletan astebeteko egonaldia oparituko diozue zapaldutako herri bat askatzen duen lehen entzuleari. Saria emateko itxaropenik ba al duzue?

Nork daki! Atzo Psychaostropeko abeslariak, Kofik, zapalduriko herri bat askatzeko zorian egon zela aipatu zigun, baina ez zela oroitzen zein. Garaiz gogoratzen bada saria emango diogu, garrantzitsua baita emandako hitza betetzea. Bestela, egia da, bai, diskoekin batera oparitxoak ematen ditugula. Marketingaren aroan jaio gara… kar, kar.

Mexikora ere iritsi dira zuen singleak…

Bai, eta Mexikon ye-ye kutsuko taldeak aurkitzea (Los Padrinos) ere sorpresa izan da. Elkar trukea egiten dugu: beraiek gureak han zabaldu eta guk beraienak hemen. Horren harira, esan nahi dugu gure lan egiteko modua DIY (Do it yourself) filosofian oinarritzen dela: egizu zuk zeuk. Beraz, guk egiten dugu dena, eta 30 euroko aurrekontua besterik ez genuen hasi ginenean. Ene, nola dagoen ekonomia!