'Throning' edo tronuratzea: sare sozialetan bikotekidearen estatusa puztea, norberarena ere pareko jartzeko
Norbere buruari buruz laudorioka aritzea ez da oso txukuntzat hartzen, baina bikotekideari buruzko gauza onak esateak lagun dezake horretan, agerikoa izan gabe.
Gizarte zientzietan hipegarmia terminologia erabiltzen da estatus sozial edo ekonomiko handiagoa daukan bikotekidea edo ezkontidea bilatzeko praktikari. Sare sozialetan hipergamia forma berri bat sortu da, psikologia munduan throning edo 'tronuratzea' deitu zaiona. Bikotekidearen estatusa puztea izaten da kontua, harekiko loturaz norberarena ere puzteko.
Nola egiten duten hori? Bada, modu asko daude: bikotekidea bereziki eder agertzen den irudiak igo; bere arrakastei edo portaera osasuntsuei buruzko testuak publikatu; zein zoragarria den erakusten duten bideoak partekatu... Tronuan jartzen duzu, jendeak erregea edo erregina dela jakin dezan, eta horrek ere monarkiaren parte bilakatzen du norbera, norberaz ondo esaten aritu gabe eta harro itxurarik eman gabe. Izan ere, bestearen dohainak nabarmentzen ari zara, zure buruaz aritu beharrik gabe eta umiltasun osoz. Eta ondokoa hain aparta bada, norbera ere hala izango da, ezta?
Bikotekidearen esparrutik kanpo ere egiten da hau. Lantokiko edo bestelako egoera sozialetako jende nabarmenarekin lotzen saiatu ohi dira batzuk. Kasu honetan lankide baten profesionaltasunari buruz ari zaitezke sareetan.
Praktika honek badu bere arriskua, norbait zu erabiltzen ari dela esan nahi baitu. Harreman horretan benetakotasun osoz egon daiteke kide bat, baina bestea, aldiz, bere irudi soziala elikatzeagatik. Norbait zu tronuratzen ari den jakiteko seinale batzuk ba omen dira, esaterako besteen aurrean gehiegikeriaz lausegunka aritzea eta eremu pribatuan, aldiz, ez. Susmagarri samarra da jokaera hori.
Beste seinaleetako bat bere famaz obsesionatuta egotea izan liteke. Bestelako arrazoiren batengatik izan liteke, baina adi egotea komeni da. Batez ere estatus handiko jendearen aurrean lausegunka aritzen bada edo den bezalakoa izan beharrean, bestelako portaerak sumatzen badizkiozu, bestearen gustuko izan nahian edo. Eta ahalegin horretan gainerako guztiaz edo pertsona guztiez ahazten badira.
Onena zintzotasuna eta komunikazioa izaten da harremanetan, baita kasu honetan ere.