Tinderren joera berria nagusitzen: alkoholik gabeko zitak

Tinderreko erabiltzaile gazteenek alkoholaren kontsumoa murriztu dute eta nahiago dute zitetan ere horri eutsi.

Lehen zita planifikatzeko garaian aukera asko daude, baina duela urte batzuk ohikoa izaten zen taberna batean zerbait hartzeko geratzea edota gauean, parranda garaian, diskoteka batean elkartzea, kopa batzuk hartu eta dantzatzeko. Z belaunaldiak joera hau aldatu egin du, ordea, eta gero eta zita gehiago izaten dituzte alkoholik tartean izan gabe. Joera berri honi dry dating edo sober dating deitu diote ingelesez.

Erabiltzaile asko daude Tinderren eta bertako arduradunek joera asko identifikatzen dituzte. 190 herrialdetako 50 milioi erabiltzaile baino gehiago izaten dira hilabetean ligatzeko aplikazioan, eta, beraz, gizarte-joerak antzemateko leku aproposa izan daiteke.

Tinderrek 2022an eta 2023an bildutako datuekin egindako txosten batean azaldu dutenez, gero eta alkohol gutxiago edaten da zitetan, eta lautik batek nahiago ditu alkoholik gabeko hitzorduak. 18 eta 25 urte arteko gazteek baieztatu dutenez, %25ak aurreko urtean baino alkohol gutxiago edan du elkartzeetan, eta %72ak noizean behin besterik ez du edaten edota inoiz ez. Kopak hartzeko geratzeko interesa %53 jaitsi da.

Alkoholak gure jarrera eta pertzepzioa alda dezake, eta antza denez, Tinderreko erabiltzaile gazteek nahiago dute eurak diren bezalakoak izan, eta bestea hala ezagutu, benetako elkarrizketak izanda.

Zein diren alkoholik gabeko ziten alternatibak? Norberaren interes eta gustuen araberakoa izango da hori, eta irudimenari ere eragin dakioke. Aukerak askotarikoak dira: kafe bat hartu, paseatu, kirolen bat egiteko geratu; zinemara/kontzertu batera edo antzerkira joan; mokadutxoren bat egin...