'Tipularen sehaska kanta' dokumentala estreinatuko dute ostegunean Donostian

'Tipularen sehaska kanta' dokumentala estreinatuko dute ostegunean Donostian Kartzelan gaixo egondako pertsonen bizipenak bildu ditu Lander Garro zuzendariak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tipularen-sehaska-kanta-dokumentala-estreinatuko-dute-ostegunean-donostian/@@download/image/tipula.png
2022/02/01

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Kartzelan gaixo egondako pertsonen bizipenak bildu ditu Lander Garro zuzendariak.
'Tipularen sehaska kanta' dokumentala estreinatuko dute ostegunean Donostian

Lander Garrok zuzendutako Tipularen sehaska kanta dokumentala Donostiako Antzoki Zaharrean aurkeztuko dute ostegunean, otsailak 3, 19.00etan. 83 minutuko iraupena duen dokumentalak espetxean gaixo egotea zein gordina den erakusten du. Hala azaldu dute dokumentalaren egileek: "Diagnostiko bat egiteko edo tratamendu bat izateko medikuarenera joatea gauza arrunta da kanpoko munduan. Baina preso den ororentzat bide oso zaila edo ezinezkoa da. Lander Garro, zuzendaria, kartzelan gaixo egotearen esperientzia bizi izan dutenengana joango da, zer ondorio duen hobeki ulertzeko. Diskurtso politikotik harago doan hizkuntza erabiltzen du, osasunerako eskubiderik ez duten presoen indefentsioa emozioen ikuspegitik esploratuz, artefaktu zinematografkoaren bidez".

Film politikoa baino, film artistikoa dela argitu dute sortzaileek, "lehen pertsonan eta hesteetatik" kontatua. 1942an kartzelan hil zen Miguel Hernandez poeta espainiarraren Nana de la cebolla olerkitik abiatuta, analogia historikoa egiten du filmak: "1936ko gerran preso hiltzeak zentzurik ez bazuen, zentzurik ba ote du gaur?". 

Sare Herritarra elkarteak eta Gastibeltza ekoiztetxeak ekoiztu dute filma. Gainera, crowdfunding kanpaina ere egin zuten lana finantzatzeko, eta 18.090 euro bildu zituzten, produkzio, edizio, itzulpen eta banaketa gastuetarako. 

Donostiko aurkezpenaren ondotik, beste hainbat tokitan ere erakutsiko dute dokumentala: otsailaren 4an, Urruñako Itsas Mendi gelan, 20:00etan; otsailaren 9an, Elorrioko Arriola Kultur Aretoan, 19:00etan; otsailaren 16an, Bergarako Seminarixoan, 20:00etan;  otsailaren 21ean,  Donapaleuko Saint Louis zinema gelan, 20:30ean; otsailaren 25ean, Lapurdiko Getarian, 20:30ean; otsailaren 27an, Kanboko L’Aiglon aretoan, 18:00etan; otsailaren 28an, Donibane Garazin, 20:30ean; martxoaren 1ean, Hendaian, 20:30ean; martxoaren 3an, Baionako Atalante zinema-gelan; eta martxoaren 9an, Hernaniko Biterri Kultur Gunean.