Toki berri batera joandakoan, kosta egiten al zaizu lo egitea? Honek badu azalpena!

Leku ezezagunek ematen diguten segurtasun faltak adi jartzen du gure gorputza.

Toki berri batera joan eta lehen gauean lo ondo egin ezin duzun horietakoa al zara? Lasai, zure burmuina zu babestu nahian ari da. 'Lehen gauaren efektua' deitzen zaio. Izan ere, gure gorputzak erdi esna-erdi lo egoeran jartzen gaitu guretzat ezezaguna den giro batean lehen aldiz lo egiterakoan, ez baitakigu toki hori segurua den ala ez.

Burmuinaren hemisferio bat erne egoten da, sor daitezkeen arrisku ezezagunei azkarrago aurre egiteko asmoz. Horregatik izaten ditugu zailtasunak lo ondo egiteko edo jarraian eta modu sakonean egiteko.

Animalia batzuek, itsas-ugaztunek eta hegaztiek esaterako, burmuinaren erdiarekin lo egiten dute, eta bestea gerta daitezkeen mehatxuei adi egoten da, Gizakien kasuan ere bizirauteko mekanismoa da, gu babesteko modu bat. Eta horrek eragiten du loa arinagoa izatea eta behar bezala atseden ez hartzea. Normalean, efektu hau gutxiagotu egiten da lehen gauaren ondoren, burmuina ingurura egokitzen baita.

Honetaz gain, kontuan izan behar da urrunago bidaiatu eta ordu aldaketa izateak ere eragiten duela loan. Horrek ere egokitzeko denbora eskatzen du.