Transexualitatea

Ohi baino maizago ikusten ari gara transexualitatearekin loturiko albisteak. Ez da kasualitatea, gero eta gehiago nahiz gazteago ezagutu eta onartzen baitira transexualitate egoeran dauden pertsonen bizipenak.

Badaude zakila duten neskak eta alua duten mutilak. Esaldi honek sexuari buruz dugun ideia murritza gainditu eta baliogabetu egiten du, beste ideia baten beharra agerian utziz.

Sexuazio eta sexazioa
Sexuatuak garen heinean, gure izate osoa dugu sexuatua mutil/gizon eta neska/emakume bezala. Sexuazio prozesuan denok garatzen ditugu ezaugarri maskulino eta femeninoak, sexu bakoitzean errepikatuagoak direnak;  batzuk ikusgarriagoak (keinu eta hitz egiteko era), beste batzuk ezkutatuagoak (ileak nesken gorputz eta aurpegietan). Era berean, nork bere burua eta besteak sexatzeko joera dugu, hau da, mutil edo neska bezala sailkatzekoa, bai informalki kalean eta baita ofizialki administrazioan ere. Honetarako irizpide desberdinak erabiltzen ditugun arren (ile dentsitatea, gorputz forma, ahotsa, arropa...), ziurtasun gehien ematen diguna genitalena da, zakila dutenak mutil bezala sailkatuz eta alua dutenak neska bezala. Besteak sexatzean, gehienetan asmatu egiten dugu, baina tarteka apustua galtzen dugu eta alua duen mutil baten edo zakila duen neska baten aurrean aurkitzen gara. Transexualitate egoeran dagoen norbait, hain zuzen ere.

Eskubideen borroka
Egoera hau bizi dutenek, bai lehen pertsonan eta baita ingurukoek ere, mugitzen eta antolatzen hasi ziren unetik laguntza eta jarraipen profesionala eskaintzen dituzten elkarteak osatu dituzte. Gizarteak egiten duen sailkapenarekin bat ez datorren identitatea azaleratzeko prozesuan arlo desberdinetako laguntza eskaintzen dute. 

Prozesu honetan oso garrantzitsua da modu informalean errazago onartu ohi diren aldaketei arlo administratiboan euskarri legala ematea. Ondorioz, Chrysallis edota Errespetuz bezalako elkarteen helburuetako bat mutil, neska, emakume eta gizon hauen eskubideak bermatzea da. Duten identitatearen onarpena ofiziala izan dadila, anatomia dena delakoa izanda.

Era berean, jendarteak egoera hau ezagutu eta uler dezan lanean ari dira etengabe hitzaldi, jardunaldi, prentsaurreko eta elkarrizketak eginez. Irakurleren batek informazioa edota laguntza behar izanez gero, badituzte, gutxienez, bi aukera hauek.

Begiradak dira okerrak
Sexuazioak sortzen duen aniztasun amaiezinaren muturreko adibidea izan daiteke transexualitatea eta onartzea zaila egiten zaigu sarritan. Horregatik, aldarrikatzen ari direnarekin bat, ez dago gorputz okerra duen ehuneko txiki bat, begirada okerra duen portzentzaje handi bat baizik.