Trueno raperoa ez zen oholtzara igo Latin Grammy saria jasotzera. Jakin nahi al duzu zergatik?

Argi geratzen da pertsona ezagunak ere ez direla ezagun mundu guztiarentzat, eta protokoloa bete behar izaten dutela.

Latin Grammyak banatu dituzte duela egun batzuk Miamin, eta, besteak beste, Karol G, Bad Bunny eta Juan Luis Guerrak irabazi dituzte sariak, baina horretaz baino gehiago, beste bitxikeria batez hitz egin da sare sozialetan eta komunikabideetan. Trueno rapero argentinarraren pasadizoaz hain zuzen ere. 

Truenoren Tranky funky kantuak lortu du saria Interpretazio/fusio Urbano Onenaren kategorian, baina ezin izan zuen sari jasotzera igo. Zer dela eta? Antza denez, alfonbra gorrian ez zioten pasatzen utzi, beharrezkoa izaten den gonbidapenik ez zuelako.

Hortaz, kanpoan omen zegoen saria irabazi zuenean eta han izan zuen gertatutakoaren berri. Artean sari banaketarako jantzi gabe zegoen, matea edanez. Grammya irabazi zuela erakutsi eta barrura sartzen utzi omen zioten gero, eta eskuratu zuen garaikurra.  Oholtzara igo ez bazen ere, izan zuen saria ospatzeko aukera.