Udaberriko Sormene gaurtik igandera izango da, Galdakaon
Dokumental proiekzioa, hitzaldia, mahai-ingurua, arte instalazioa, kontzertua eta dantza izango dira egitarauan.
Udaberriko Sormene martxan izango da gaurtik aurrera Galdakaon, Sortuz ahaldundu! Zazpi jauzi leloarekin. Goizean Booktuber ekitaldia egingo dute Maximo Moreno Musika Eskolan, zinema eta literatura uztartuz. Hari horri jarraiki, bihar goizean, ikastetxeen eta euskaltegien irakurraldi jarraitua egingo dute, Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan liburuarekin. Aldi berean, Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018- 2023 dokumentala proiektatuko dute, eta filmaren zuzendari laguntzailea eta Harrera Sareko kidea den Alaine Aranburuk hitzaldia emango du. Ondoren, mahai-ingurua egingo dute Aranburuk eta Amets Arzallusek. Eguna borobiltzeko, gaueko bederatzietan, La Basuk kontzertua emango du eta Sormene abestia ere aurkeztuko dute, Basoa tabernan.
Larunbatean, Marta Velascoren Hitzen Euria instalazioa bisitatu ahal izango da, Muguru parkean, 12:00etatik aurrera. Instalazioa osatzeko lanetan aritu dira ikastetxe, nagusien egoitza, euskaltegiko eta ludoteketako kideak. Zuzeneko musika ere izango da, Carmen Santamaria pianoan eta Natalia Sanchez flautarekin. Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, helduentzako tailerra eta erromeria izango da Kurtzeko plazan, Aiko dantza taldearekin.
Azkenik, igandean, Itxaso Payak eta Maria Riverok eMcumeak antzezlana taularatuko dute Torrezabal kultur etxean, 19:00etan. Satira musikala da eta emakume sortzaileen egoera du ardatz, umoretik baina kritika ere eginez.