UEU-k ekainaren 6an hasiko ditu udako ikastaroak, Iruñean

UEU-k ekainaren 6an hasiko ditu udako ikastaroak, Iruñean Euskararen estatus juridikoa landuko dute hasiera ekitaldian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ueuk-ekainaren-6an-hasiko-ditu-udako-ikastaroak-irunean/@@download/image/udako ikastaroak 2024.png
2024/05/28
Euskararen estatus juridikoa landuko dute hasiera ekitaldian.
UEU-k ekainaren 6an hasiko ditu udako ikastaroak, Iruñean

UEUk 52. Udako Ikastaroak egingo ditu ekainaren 2tik uztailaren 10era bitarte. Azken bi urteetako hariari jarraituz, hogei jardunaldi eta topaketa antolatu ditu, hainbat eragilerekin elkarlanean, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko asmoz. Udako ikastaroak "arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune" direla nabarmendu dute antolatzaileek.

Hasiera ekitaldia Iruñean izango da, ekainaren 6an. Euskararen estatus juridikoa aztertuko dute Euskal Herrian, hiru estatus desberdin baitaude Nafarroa Garaian, Ipar Euskal Herrian eta EAEn. Ikastaro honen helburua esparru juridikoaren irakurketa akademikoa konpartitzea, eta bere arazoak eta zalantzak plazaratzea izango da. Horrekin batera, euskararen egoera eta etorkizunari buruzko gogoetarako klabeak eman nahi dituzte bertan. 

Euskarazko rol jokoen inguruan ere arituko dira Eibarren, ekainaren 15ean. Azken bospasei urtetan rol joko asko argitaratu direla eta, euskarazko rol jokoetara sarreratxoa egingo dute: zer dagoen, nola sortu den eta euskaraz rolean aritzeko zabaldu diren aukera eta modu berriak. Hezkuntzarako eta euskarazko sorkuntza eta kulturgintzarako zabaltzen dituzten aukerak ere aztertuko dituzte eta euskaraz rolean aritzeko parada ere izango da.

Transgresioa gorpuzteko manerak izango dituzte hizpide uztailaren 5ean, pedagogia konprometituei buruzko hausnarketa kolektiboa bultzatu nahian. Bell Hooks-en Transgresioa irakasgai liburua abiapuntu hartuta, irakasleen rolaz eta komunitatea gorpuzteko moduez hitz egingo dute, esperientziak konpartitu eta elkarrengandik ikasteko aukera emango duen foro bat eraiki.

Landuko dituzten beste gaietako batzuk honako hauek izango dira: eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko estrategia berriak arnasguneetatik; globalizazioaren ondorena eta egokitzapen aroa; gatazkaren memoria, memoriaren gatazka; euskal lurraldeen arteko artikulazioak; euskalduntze-alfabetatzea intersekzionalitatearen ikuspegitik; zero kilometro arkitektura; euskal literaturaren odolusteak, odolosteak eta odol ustela.

Matematikari euskaldunen, Nafarroako Herri Hezitzaileen, eta informazio eta dokumentazio kudeatzaileen topaketa eta bilkurak ere antolatu dituzte.

Azken ikastaroa uztailaren 10ean izango da, Eibarren, "Belaunaldiartekotasunetik ikasten duen komunitatea sortzen eta elikatzen" izenburupean. Hamarkada ezberdinetan jaiotako solaskideek gai jakin baten inguruan zer-nolako aldaerak eskaintzen dituzten aztertu nahi dute, gainontzeko hamarkadetako kideentzat zer eskaintzen duten berritik, zer egiten duten bere, zer transmititzea erabakitzen duten. "Aurreikusi nahi da zeintzuk diren baldintzak transmisioa kontuan izango duen komunitate bat sor dadin; eta zeintzuk diren horretarako eratu beharreko espazioak eta moduak", azaldu dute.

Ikastaro guztien inguruko xehetasunak hemen kontsulta daitezke. Matrikula zabalik dago www.ueu.eus helbidean.