Uluak 'Hamaiketakoa' podcasta abiatu du

Antton Telleria da lehen ataleko elkarrizketatua.

Ulua hedabide multiplataforma eta transmedia sortu du Ulu Media ekoiztetxeak, eta pixkanaka euren ekoizpen berriak kaleratzen hasi dira. Horietako bat da Hamaiketakoa podcasta. Oier Aranzabalek, hamaiketako baten bueltako gertutasun eta goxotasunean, gonbidatu batekin elkarrizketa izango du. 

Lehen atalean Antton Telleria gonbidatu dute hamaiketakoa egitera, Arabako ardoekin eta intxaur, gazta, irasagarra eta patata-tortillaz inguratuta. Oier Aranzabal aurkezlea hainbat konturen inguruan aritu da solasean Telleriarekin: Ninini bere umorezko emanaldi berriaz, promozioaz, publikoaren harreraz, eta jendea haserretzeaz aritu dira, besteak beste, podcastean. 

Bestetik, Lista Beltza podcasta ere jarri dute martxan. Alai Ormazabal musikari eta ekoizleak abesti bat izango du ardatz atal bakoitzean. Abestia xehatuko du; konposiziotik hasi, eta ekoizpeneraino. Lehen atala argitaratu berri dute, eta indiar, japoniar eta jazz musikako erreferentzietan oinarritzen den Venus As A Boy abestiaren ekoizpen berezia aztertu du Alaik. Gainera, Björkek txikitatik musikarekin izan duen harreman bereziaz ere aritu da.

Euskal kultura nazioarteari begira
Ulu Mediak, Etxeparerekin batera, beste podcast bat ere sortu du, Basque izenekoa. Zinema, gastronomia, hizkuntzaren eta artearen alorretako sortzaileak elkarrizketatuko ditu Oier Aranzabal kazetariak, bost ataletan. Estibaliz Urresola zinemagilea, Eneko Atxa sukaldaria, Sahatsa Jauregi artista, Hiromi Yoshida hizkuntzalaria eta Itziar Ituño aktorea izango dira gonbidatuak. Euskaraz grabatuko dute eta ingelesera bikoiztu, nazioarteko entzuleari zuzendua.

Lehen atala kaleratu dute eta Esti Urresola zinemagilea da elkarrizketatua. Zinegile arabarra Oier Aranzabalekin solasean aritu da, bere txikitako oroitzapenez, zinemagintzan hasteak dakartzan buruhausteez eta azkura sortzen duen zinemaz, besteak beste.

Lehen denboraldiko elkarrizketak urritik abendura bitartean plazaratuko dituzte Podcast atalean, eta baita hainbat podcasting plataformatan ere: Spotify, iVoox, Apple Podcasts, Amazon Music eta Google Podcasts.