Ume eta familiei zuzendutako lanak sarituko ditu Durangoko Azokako Bekak

Ikuskizuna, mahai-jolasa, bideoa... orotariko formatuan egindako lanak izan daitezke eta irailaren 21era bitarte bidali beharko dira proposamenak.

Durangoko Azokaren seigarren Sormen Beka martxan da, euskarazko sorkuntza sustatu, sortzaile berriei bidea erraztu eta euren lana ezagutzera emateko asmoz. 

Bekara bideratutako sormen lana jatorrizkoa eta pieza laburrekoa izango da. Ikuskizuna izan daiteke (zirkua, antzerkia, ipuin kontaketa…) edo euskarri bat (mahai jolasa, musika, bideoa…), baita horien arteko nahasketa ere. Proposamena aurkezterakoan sorkuntza lanaz gain, emaitza nola plazaratuko den ere azaldu beharko da. 

Sortzaile berriei zuzendutako beka izanik, aurkeztutako proiektua zirkuitu profesionalean egindako lehen edo bigarren lana izan beharko da. Horrez gain, 18 urtetik aurrerakoak aurkez daitezke, banaka zein taldeka.

Bekaren zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da, eta irailaren 21ean itxiko da lanak aurkezteko epea, 18:00etan. Proposamenak eta dokumentazio osagarria posta elektronikoz bidaliko dira gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera. Honako dokumentazioa helarazi beharko da: eskaera formularioa, sortzailearen edo sortzaileen curriculuma(k), proiektuaren memoria, eta aitortzen dokumentazioa

Epaimahaiak lauzpabost lan hautatuko ditu eta hauek proiektuaren defentsa egin beharko dute epaimahaiaren aurrean. Datorren Durangoko Azokan jakinaraziko da lan irabazlea zein izan den. Urtebeteko epea izango du irabazleak lana burutu eta 2024ko Durangoko Azokan (59.DA) aurkezteko.

Bekaren oinarriak hemen kontsulta daitezke. Zalantzarik izanez gero,  gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora idazteko eskatu dute antolatzaileek.