Urriaren 18tik 20ra egingo dute Euskal Game Jam topaketaren bigarren edizioa

Urriaren 18tik 20ra egingo dute Euskal Game Jam topaketaren bigarren edizioa Aurrez aurre zein online parte hartu ahal izango da. Izen ematea irekita dago. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/urriaren-18tik-20ra-egingo-dute-euskal-game-jam-topaketaren-bigarren-edizioa/@@download/image/Kartela Horizontala.png
2024/09/19
Aurrez aurre zein online parte hartu ahal izango da. Izen ematea irekita dago.
Urriaren 18tik 20ra egingo dute Euskal Game Jam topaketaren bigarren edizioa

Zomorro Studiok, Game Erauntsia Elkarteak, Torrekua guneak eta Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak Euskal Game Jam topaketaren bigarren edizioa aurkeztu dute. Bideojoko sortzaile euskaldunak batzeko zein elkar ezagutzeko, euren abileziak agerian jartzeko eta harremanak sortzera bideratutako ekimena izango da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "bideojokoen garapenaren munduan murgiltzen ari diren euskaldunen kopuruak gorakada nabarmena izan du azken urteotan. Zoritxarrez, askok ez dute elkar ezagutzeko gunerik. Hori dela eta, Game Jamarekin euskal bideojokogintzako hasiberriak nahiz profesionalak elkartu gura dira, eta, aldi berean, euren gaitasunak ezagutarazi nahiz elkarrengandik ikasteko espazioa eraiki".

Espazioari dagokionez, fisikoa zein digitala izango da. Oreretako Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian aurrez aurre parte hartzeko aukera izango da eta, horrez gain, nahi duenak etxetik ere egin ahal izango du sorkuntza lana.

Euskal Game Jam topaketaren parte hartzaileek bideojoko bat sortu beharko dute 48 orduko epean. Urriaren 18an, 18:00etan, hasiko da sormen prozesua, eta urriaren 20an, proiektuak bukatuta eta itch.io bideojokoen plataforman argitaratu eduki beharko dituzte.

18 urtetik gorakoei zuzendua
Bideojokogintzan oinarrizko ezagutzak dituzten 18 urtetik gorakoek har dezakete parte, bakarka nahiz taldeka. Gehienez bost kideko taldeak onartuko dira. Taldekideak bilatu nahi dituenak Euskal Game Jam-aren itch.io atal berezira jo dezake edo Game Erauntsiaren Discord zerbitzarian irekitako txat berezian taldea sortzea proposa dezake. 

Ekimen osoa euskara hutsean egingo da, eta aurkeztutako bideojokoak euskaratuta egon beharko dira. Hori dela eta, taldeko ordezkari batek gutxienez euskaraz hitz egiten jakin beharko du. Hizkuntza gehiagotan egon daitezke bideojokoak, bai Game Jam-ean, eta baita ondoren ere.

Euskal Game Jam 2aren itch.io webgunean eman daiteke izena parte hartzeko. Horretarako, itch.io erabiltzailea baino ez da behar.