Urtarrilaren 22tik 28ra egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea, Baztanen

Mahai-ingurua, solasaldiak, film proiekzioa eta bertso saioa izango dira egitarauan, besteak beste.

Hilaren 22tik 28ra izango da Euskal Nobela Beltzaren Astearen hamargarren edizioa. (H)ilbeltzaren ekitaldiak bailarako sei herritan izango dira: Arizkun, Aniz, Elizondo, Irurita, Erratzu eta Berroeta. 

Lehen egunean, urtarrilaren 22an, VI.(H)ilbeltza bekaren irabazlearekin, Beñat Irastorza Ugalderekin, solasaldia izango da Arizkungo Medikuaren etxean, 19:30ean. Fred Vargasen eleberriaren itzulpenaz arituko da, Altxa, hildakoak izenburu duen lanaz.

Asteazkenean Miren Agur Meabek Eusebio Erkiaga: Arranegitik bertze auzo batzuetara izeneko hitzaldia eskainiko du, 19:00etan, Anizko Mendiarte elkartean.

Hilaren 25ean, ostegunean, Irati Jimenezek Jon Alonso elkarrizketatuko du Carvalho Euskadin  liburuaren inguruan. Berroetako Gure ametsa elkartean izango da, 19:00etan.

Iruritako Gizarte Bilgunean elkartuko dira hilaren 26an, eta bertan Josu Martinezek Mirande, film baterako zirriborroa dokumentala aurkeztuko du, 19:30ean.

Larunbata ekintzaz betetakoa izango da.  Amaia Nausia Pimoulier, AsisKo eta Juainas Paul Arzaken mahai-ingurua izango da Elizondoko kultur etxean, Ane Eslavak moderatua, Euskal Herriko sorgin-ehizaren inguruan. Bazkaria egingo dute, 14:00etan, Erratzuko elkartean. Bazkarirako txartelak eskuratzeko ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidera idatzi behar da. Liburu aurkezpenak egingo dituzte arratsaldean: Ernesto Praten Mendeku eskubidea, Mikel Begoñaren Hiru etxe Santa Monikan, eta Xabier Lasaren Ura ez baita beti gardena. Eguna borobiltzeko, Eblatz, Susmagarrien gaua izango da Erratzun barna.

Igandean, 10:30etik aurrera, Erraiak etsai itzuli beltza egingo dute Beartzunen, Elizondoko plazan. Arratsaldeko 19:00etan, berriz, Izu-gar-irrizko bertso saioa antolatu dute Elizondoko kultur etxean. Nerea Ibarzabal, Alaia Martin eta Saioa Alkaiza arituko dira bertsotan, eta Amaia Agirre izango da gai-jartzailea.