Uxue Alberdi, Katixa Agirre, Amancay Gaztañaga eta Urtzi Leonet izango dira Lumafest jaialdian
LUMAfest! Gipuzkoako gazte literaturaren eta gazte sorkuntzaren jaialdiaren hirugarren edizioa datorren astean izango da, irailaren 12tik 14ra, Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan.
Ostegunean, irailaren 12an, 18:00etan, mahai ingurua egingo dute Katixa Agirre eta Uxue Alberdi idazleekin, Karlos Aretxabaleta moderatzaile dela. Agirreren eta Alberdiren bibliografiak berrikusiko dituzte, gazteei interesatzen zaizkien gaiak oinarri hartuta.
Euskarazko gazte literaturari helduko diote ostegunean eta Amancay Gaztañagaren eta Urtzi Leoneten lanak aurkeztuko dituzte, 19:15etik aurrera. Liburuak sinatuko dituzte gainera.
Ostiralean, 19:15ean, Nando Lopez nobelagile eta dramaturgoak Algo más que sexo eleberria aurkeztuko du, trilogiaren lehen liburua. Megan Maxwell eta Sandra Miró ama-alabak genero erromantikoaren inguruan arituko dira solasean. Bataren eta bestearen irakurleak zerk bereizten dituzten eta zerk lotzen dituzten aztertuko dute, belaunaldi desberdinek nola irakurtzen eta idazten duten, eta nola hurbiltzen diren gazteak literatura erromantikora.
Jaialdia amaitzeko, Costa Alcalá, Georgia Costa eta Fernando Alcalá idazleek osatutako bikotea, izango da. Fantasiazko trilogia baten lehen liburua -Tejesombras, Los hijos del Errante- izango dute aztergai, eta idazteko erabiltzen dituzten trikimailuak eta sortzen dituzten mundu konplexuak azalduko dituzte.
Mikrokontakizun lehiaketa
Mikrokontakizunen lehiaketa ere izango da, aurreko edizioetan bezala. Euskarazkoen sariak ostegunean banatuko ditu Amancay Gaztañagak eta gaztelaniazkoak, berriz, ostiralean emango ditu Nando Lopezek.