Valentziara laguntzera joan diren euskaldunak
Valentziako denboraleak utzitako ondorioak latzak izan dira eta, egoera horren aurrean, asko dira hara laguntza bidaltzeko edo bertara laguntzera joateko erabakia hartu dutenak. Euskal Herritarrak ere bertaratu dira: alde batetik, profesionalak, eta, bestetik, boluntarioak.
Valentziara joandako boluntario horietako bat da Unai Etxebarria musikaria, aitarekin batera trikitixa jotzen aritzen dena. Lehenik eta behin, premiazko produktuen bilketa jarri zuen martxan Laudion, eta kontu korronte bat ere ireki zuen ekonomikoki lagundu nahi zuen orok bere ekarpena egin zezan. Berak kontatu duenez, lau mila euro baino gehiago gastatu dituzte denboraleak kaltetutako jendearentzako produktuak erosten. Izan ere, bere asmoa furgonetak kargatu eta zuzenean haiei gauzak eskuetara ematea zen, bestelako bitartekaririk erabili gabe. Sare sozialen bidez kontatu du Etxebarriak prozesua, eta baita Valentziara iristean bizitakoa ere.
Urko Amasek eta ingurukoek ere jarrera aktiboa hartu dute egoeraren aurrean. Amasek X sare sozialean erakutsi ditu furgonetak produktuz beteta eta furgonetak Valentziara iritsi direneko momentua.
Hauek adibide pare bat besterik ez dira, boluntarioen zerrenda luzea baita. Herrietan ere jende ugari dago, valentziarrei laguntzeko biderik egokienak aztertzen eta laguntza bideratzen. Hain zuzen ere, hauxe da jendeak goraipatu duen alderdi pozgarri bakarra: herritarren elkartasuna eta elkar laguntzeko borondatea.