Valentziarako dirua biltzeko kontzertuak egingo dituzte Donostian, Bilbon eta Iruñean
200 artistak baino gehiagok, tartean Euskal Herrikoak, parte hartuko dute Espainiako Estatuan egingo diren kontzertuetan.
Dana denboraleak Valentzian eragindako kalteak ikusita, musikaren industriak kaltetuei laguntzeko ekimena antolatu du. Som Valéncia du izena ekimenak eta kontzertu solidarioak egingo dituzte Espainiako Estatuan. Euskal Herrian ere izango dira kontzertuak, Bilbon, Donostian eta Iruñean hain zuzen ere.
200 artistak baino gehiagok parte hartuko dute emanaldietan, eta azaroaren 11tik aurrera egingo dituzte kontzertuak estatuko hainbat tokitan. Euskal Herriko musikari eta talde hauek parte hartuko dute, besteak beste: Amaia Miranda, Anari, Belako, Chill Mafia, Ezezez, Ezpalak, Izaro, Olatz Salvador, Sara Zozaya, Zea Mays eta Zetak.
Bildutako diru guztia kaltetuentzat izango da eta Horta Sud fundazioaren bidez kudeatuko da. Kontzertuen prezioa 15 eta 20 euro artekoa izango da eta gaur jarriko dituzte sarrerak salgai, 12:00etatik aurrera, Dice plataformaren bidez. Zero lerroa ere izango da, kontzertuetara joan ezin izan arren, dirua eman nahi dutenentzat.
Webgunea eta Instagrameko kontua sortu dute, eta bertan zabalduko dute informazio gehiago.