Whatsapp-en azken berrikuntzak zein diren ba al dakizu?

Whatsapp-en azken berrikuntzak zein diren ba al dakizu? Egun hauetan zirkulu urdin bat agertu bazaizu, Whatsapp-en tresna berria erabiltzeko moduan zara. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/whatsapp-en-azken-berrikuntzak-zein-diren-ba-al-dakizu/@@download/image/circulo-azul-whatsapp.png
2025/04/01

Testua: Maitane Legarreta

Egun hauetan zirkulu urdin bat agertu bazaizu, Whatsapp-en tresna berria erabiltzeko moduan zara.
Whatsapp-en azken berrikuntzak zein diren ba al dakizu?

Meta enpresak adimen artifiziala txertatu nahi izan du WhatsApp-en ere. Eguneraketak egin eta borobil urdina agertu bazaizu, lehen probak egiteko aukera izango duzu, bestela denbora gehixeago itxaron beharko duzu. 

Borobil urdinaren bitartez Metaren adimen artifizialera jotzeko aukera duzu. Hala, kontsultak egin ditzakezu aplikaziotik atera beharrik gabe. ChatGPTren antzera, txat automatikoa du eta galderak egin daitezke, testuak idazteko laguntza eskatu, zalantzak argitu edo hainbat galderaren inguruko informazioa eskatu. Lortutako informazioa kopiatu edo elkarrizketen txatetan parteka daiteke.

Meta-ren gainerako aplikazioetan, Facebook Messenger-en eta Instagram-en, ere erabiltzeko moduan izango da.

Musika ipini zure egoerei
WhatsApp-ek iragarri berri duenez, estatus edo egoerari musika ipini ahal izango diozu laster. Musika nota bat agertuko zaizu, eta bertan klikatuta, abestiz osatutako liburutegitik hautatu ahal izango duzu egokiena iruditzen zaizuna. Argazkien kasuan, hamabost segundora arteko tarte musikala jar daiteke eta bideoenean, berriz, minutu batera artekoa. Datozen asteotan izango duzu eskuragarri.

Mezuak beste batzuekin ez partekatzeko marka urdinak?
Azken egunotan WhatsApp-en mezuetan hiru marka urdinak agertuko diren kontua zabaldu da. Bi marka edo check-ekin beste pertsonak mezua ikusi duela baiezta daiteke, aukera hori desaktibatu litekeen arren, erabiltzaileak hala nahi izanez gero. Marka urdin hirukoitzak pribatutasuna gordeko omen luke, hau da, mezu hori beste norbaiti berbidali zaiola edola pantaila-argazkia egin zaiola jakinaraziko luke. 

2021etik esan izan da aplikazioak tresna hau jarriko duela martxan, baina bere garaian gezurtatu egin zuten blog espezializatuetan. Dirudienez, oraingoa ere zurrumurru hutsa da. Izan ere, azken eguneraketan ez da halakorik ageri eta sare sozialetako kontuetan zein blog ofizialean ere ez dute iragarri.