Xabi Murua ('Enbaxadoreak' dokumentala): "Euskal hiztunengan eragin nahi dugu".

Xabi Murua ('Enbaxadoreak' dokumentala): "Euskal hiztunengan eragin nahi dugu". https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xabi-murua-enbaxadoreak-dokumentala-quoteuskal-hiztunengan-eragin-nahi-duguquot/@@download/image/enbaxadoreak_1445345707.jpg
2015/10/20
elkarrizketa
Aitor Abaroa @abaroa37
Xabi Murua ('Enbaxadoreak' dokumentala): "Euskal hiztunengan eragin nahi dugu".
Mondragon Unibertsitateko Leinn graduko hiru ikaslek San Frantziskora egindako bidaia baliatu dute bertako Euskal Etxean biltzen den jendearen bizipenak iruditan batzeko. Dokumentala amaitzeko crowdfunding kanpaina jarri dute martxan.


Nola sortu zen dokumentala egiteko egitasmoa?

Mondragon Uniberstitateko Leinn graduko ikasleak gara, eta urtero bidaia bat egiten dugu. Lehen ikastrurtean Finlandiara joan ginen, iaz San Frantziskora eta aurten Txina eta Indiara joango gara. San Frantziskora joan aurretik bagenekien han Euskal Etxea dagoela, eta bisitatzea erabaki genuen. Eta behin han ginela ikusi genuen hainbat ekintza antolatzen zituztela, eta bideo batzuk grabatzea erabaki genuen, lagunei eta familiakoei erakusteko. Hala, jendea elkarrizketatzen hasi eta sei ordu pasako grabazioarekin amaitu genuen. Hori ikusita pentsatu genuen aukera polita zela Kaliforniako euskaldunen bizipenak bilduko zituen dokumentala egitea, eta euskal disporak atzerrian duen euskararekiko harremana erakustea.

Zenbat lagunen artean gauzatu duzue egitasmoa?

30 bat ikasle joan ginen San Frantziskora, baina proiektu honetan hiru aritu gara: Ander Atorrasagasti, Miguel Dutor eta Xabi Murua, eta gero dokumentala ekoizten lagunduko digun laugarren lagun bat. Gutako bik euskararekin harreman zuzena dugu eta hizkuntza erdigunean zuen lana egin nahi genuen, eta hirugarren kidea bideo grabazioan espezialista da eta horretan aritu da.

Zenbat denbora egin zenuten Kalifornian?

Hilabete eskas, eta ideia bertara heldu eta astebera bururatu zitzaigun. Beraz, grabazioak egiteko hiru aste izan genituen.

Tartean beste zeregin batzuk ere bazenituzten.

Bai, Leinn graduan aurreneko astean jada enpresa bat sortzen dugu eta proiektuak garatuz enpresa hori erreal bihurtu behar dugu, hau da, iraunkor eta errentagarri egin eta abar. San Frantziskora bidaia ere aurretik gauzatutako hainbat proiekturen bidez finantzatu genuen, eta han ere, proiektuak gauzatu behar izan genituen. San Frantziskon aukera ona genuen ideia eta proiektu berriak lantzeko.

40 bat lagun lekarrizketatu dituzue. Suposatzen dut denetarik egongo dela, duela hamarkadak lanera joanak zein azken urteetan bertaratutakoak.

Euskal Etxera joan ginenean ikusi genuen adinekoak asko zirela, 70-80 urte ditzutenak. Kontatu ziguten lan bila joan zirela, edo gerratik ihesi, eta abar. Artzain zein enpresetan lanean egin dute bertan euren bizitza. Baina jarraian konturatu ginen gazteak ere bazirela, ikasleak batzuk eta enpresetan lanean ari direnak besteak, asko injeniariak. Hala, kaliforniara joan den jendearen hainbat profil ezberdin lortu ditugu, ez soilik hain ezagunak diren artzainak. Proiektua labur azaltzeko esaten dugun bezala: Ardiak zaintzen egon zirenetatik hasi eta gaur egun ordenagailuak zaintzen dituztenetaraino elkarrizketatu ditugu. Azken finean, kontrastea bilatu dugu, aurreko belaunaldietakoen eta belaunaldi berrietakoen arteko kontrastea.



Oro har, nola bizi dute euskararekiko eta Euskal Herriarekiko harremana?

Euskal Etxea 60ko edo 70eko hamarkadan sortu zuten hainbat familiak, duela berrogeita piko urte, oraindik jatetxea ere badute, eta uste genuen negozioa mantentzeko jarraitzen zutela aurrera. Baina oker genbiltzan. Euskal Etxeak zein bertara hurbiltzen den jendeak ekintza asko egiten ditu euskal kulturarekin eta euskararekin lotuta. Pilota klaseak eta partidak egiten dituzte, kontzertuak antolatzen dituzte, euskara klaseak eman ere bai... Denetarik egiten dute. Ezagutzen ez genuen mundu bat deskubritu genuen. Dokumentalaren helburu nagusietakoa horixe da: jendea kontzientziatzea Euskal Herritik kanpo ere jende asko ari dela euskara sustatzeko lanetan.

Zerk harritu zaitue gehien?

Norbanakoen historiak aurkitu nahi genituen. Adibidez, emakume bat ezagutu dugu euskara klasea hartzera joateko 70 kilometroko bidaia egiten duena. Horrelako kasuek sekulako indarra dute, asko harritu gaituzte. Euskal Herritik hain urruti dagoen herrialde batean, euskaraz ez dakien pertsona batek, bere arbasoengatik eta beragatik, esfortzu hori egitea apartekoa iruditzen zaigu.
Bestalde, asko harritu gaitu jende horrek Euskal Herriarekin harreman sakonagoa izan nahi duela baina ezinezko zaiola jakiteak. Erakundeen laguntzagatik ez bada, apenas dute aukerarik harreman horretan sakontzeko. Esaten ziguten noizbehinka euskal taldeen kontzertuak adibidez antolatzeko aukera dutela, baina egunerokoan ez dutela bertakoekin harreman zuzenik. Euren sentipena da distante bizi direla, nahiz eta guregana gerturatzeko nahia izan.



Dokumentala amaitzeko eta Txinan eta Indian jarraipena emateko crowdfunding kanpaina jarri duzue martxan. Beharrezko ikusi duzue?

Hasieran ez genuen dokumentala gauzatzeko helbururik, baina egitearen poderioz, nolabait finantzatzeko beharra sortu zaigu. Kalifornian hainbat gastu izan genituen, eta gure poltsikotik ordaindu genituen. Bestetik, orain edizio lanetan ari gara eta lan hori dirutan ordaindu behar dugu. Eta dokumentalak erantzun ona izanez gero, aurten Txina eta Indiara goazela probestuz, jarraipena izan beharko lukeela iruditzen zaigu. Horretarako finantziazioa behar dugu, baina ez dugu nahi erakunde publikoetara jo, jendea kontzientziatzea nahi dugu, eta horretarako iturririk sozialena crowdfundinga da. Hau da, euskal hiztunengan eragin nahi dugu, eta dirua jartzen duenak inporta zaiolako jartzea.

Nola animatu jendea proiektua babestera?

Horri erantzun aurretik beste galdera bat egingo nuke: Zergatik ezagutu behar dugu jendeak mundu zabalean euskararen alde egiten duen lana? Nik Kaliforniara joan arte ez nuen horren inguruko informaziorik, ez nuelako bilatzen. Dokumentalarekin horren berri erraz jasotzeko bitarteko bat jarri nahi dugu. Hemen sarritan aldarrikatzen duguna kanpoan jendea egiten ari da, eta horiei euren lana errekonozitu nahi diegu, bertakook ikus dezagun jendea nolako lana egiten ari den. Ea kilima batzuk sortzen ditugun.