Xabier Lizardi: Gure pizkundea

Xabier Lizardi: Gure pizkundea https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Xabier Lizardi: Gure pizkundea
Lizardiren izena loturik dago gure kulturaren pizkundearekin. Izadiarekin eta, era berean, abangoardiarekin. Orixe eta Lauaxetarekin. Poesiarekin. Are, euskaraz idatzi den goreneko poesiarekin. Gure izateko moduarekin. Asaba zaharren baratzarekin.  
Jose Maria Agirre 'Lizardi' 1896an jaio zen Zarautzen, baina Tolosara joan zen bizitzera 12 urterekin. Bertan egin zituen lehen ikasketak, eta, gaitz sendaezin batek jota hil arte —1933an, hain zuzen—, Tolosan bizi izan zen, Perot lantegiko gerente lanetan.
Giro politiko nahasia ezagutu zuen poetak, Primo de Riveraren diktadurapean. Tentsio hark izan zuen eragina bere obran. Obra hori jorratzeko moduan. Aipatzekoa da Lizardik bizitza politikoan izandako parte hartze handia, Euskaltzaleak elkartean nahiz garai hartako EAJko Gipuzku Buru Batzarreko idazkari modura.
Orduko kultur mugimenduei erreparatuta, nabarmentzekoa da 27ko belaunaldia arazo espiritualei erantzun nahian zebilen neurrian, gurean, hitza zela arazoa. Hizkuntza bera. Gogotik saiatu zen Lizardi arbaso zaharrengandik jasotako hizkuntza hura jasotzen, "yakite-egoek igoa", baina bere poesia errazago hel zitekeen giza maila kultu eta, zoritxarrez, erdaldun batengana, orduko euskaldungo ez eskolatuarengana baino. Hori zela eta, denbora luzea joan da Lizardiren lana behar adina estimatzeko gai den herri oso baten erreferente bihurtzeraino.
Horretan eragin handia izan du euskal kantagintzak. Lete, Lertxundi eta Valverderen ahotik sarri entzun izan ditugu Lizardiren poemak. Poema horiek "Biotz begietan" (1932) eta "Umezurtz olerkiak" (1934) obretan argitaratu ziren. Gaur egun, bada Lizardien poemagintza biltzen duen libururik: esaterako, Ereinen 1983ko "Olerkiak" bilduma edota, Susaren "XX. mendeko poesia kaierak" sailean, Lizardiri eskainitakoa.  
Antzerkia ere landu zuen. Baita kazetaritza ere; iritzi artikuluei halako ironia eta estilo landua eman zien. "Hitz-lauz" (1934) liburuan jaso ziren bere artikuluak, gerora berrargitaratuak eta osatuak, "Kazetari-lanak" bilduman.