Z belaunaldia eta lana: mugak jartzen eta ongizateari erreparatzen

Z belaunaldia eta lana: mugak jartzen eta ongizateari erreparatzen Pott egin arte lanean aritzearen ideia erromantizatzearen garaia amaitu dela dirudi. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/z-belaunaldia-eta-lana-mugak-jartzen-eta-ongizateari-erreparatzen/@@download/image/pexels-divinetechygirl-1181622.jpg
2025/02/25

Testua: Maitane Legarreta

Pott egin arte lanean aritzearen ideia erromantizatzearen garaia amaitu dela dirudi.
Z belaunaldia eta lana: mugak jartzen eta ongizateari erreparatzen

Lanari balio handia eman izan diogu eta haren alde sakrifikatzea ere gizarteko balore gorenetako bat izan da. Pixkanaka aldatzen ari den kontua da, ordea, belaunaldiz belaunaldi, eta gazteenek gero eta argiago dute mugak jarri eta norbere ongizatea zaintzea ezinbestekoa dela.

Sakrifizioak ez ditu beti fruituak ematen, eta estresa eta antsietatea sortzen digute sarritan lanarekin lotutako gorabeherek. Gure osasun fisikoa eta mentala zaintzeari garrantzia handiagoa ematen diogu orain, eta gero eta gehiago hitz egiten dugu horretaz. Datuek erakusten dutenaren arabera, pandemiak ere zerikusi handia izan du aldaketan. ComPsych korporazioak 5.700 enpresatan egindako azterketaren arabera, osasun mentalarekin zerikusia zuten baimenak %300 hazi ziren 2017tik 2023ra.

Lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka bilatzen saiatzen da Z belaunaldia, eta egindako lana aitortzea ere bada euren nahietako bat. Kontuan izan behar da, Z belaunaldiko kideen hamarretik hiruk ez dutela uste segurtasun ekonomikorik dutenik, %46k egunez egunekoari erantzuten dio bere soldatarekin, eta %26k, berriz, pentsatzen du ez duela jubilazioa behar bezala bizitzeko nahikoa aurreztuko. Beraz, lantoki edo enpresarekiko konpromiso handia sentitzea ere zailtzen du horrek, eta lan baldintza eskasek lanpostu hobeagoen bila aritzea eragiten dute. Arlo ekonomikoaz gain, familia bizitzarekin edo bizitza pertsonalarekin uztartu ahal izatea edo profesionalki hazten jarraitzeko motibazioa sortzen dieten proiektuetan lan egitea ere izaten da aldaketarako arrazoia.

Ongizatea lehentasun
Gusto, Inc. konpainiak emandako datuen arabera, soldapeteko langileen %6,7 urte sabatikoan zegoen 2024an, 2019ko kopuruaren bikoitza. Z belaunaldiak du horretarako joera handiena; 22 eta 26 urte artekoen %8 dago une honetan urte sabatikoan, 2019an %1,7koa zen portzentajea. Honek ere erakusten du atseden hartu eta bizitza pertsonalari denbora eskaintzearen ideia.

Gustoren arabera, 25 eta 34 urte artekoak dira gaixotasun bajen kasuan denbora gehien hartzen dutenak. Dayforce enpresak zabaldutako datuei erreparatuta, 35 urte edo gutxiagokoen gaixotasunagatiko bajak %29 handitu dira 2019tik hona, eta 35 urtetik gorakoen kasuan %16koa izan da gorakada epe berean. Lehen aipatutako urte sabatikoen kasuan, 22 eta 26 urte artekoak omen dira halakoak hartzeko hautagai nagusiak, eta ondoren 27 eta 34 urte artekoak.

Zer iruditzen zaizu zuri? Ongizateari bere garrantzia ematen al diozu zuk ere? Komentatu gure sare sozialetan!