Z belaunaldiari egindako kritika berria: GOTDIT joera

Z belaunaldiari egindako kritika berria: GOTDIT joera Etxeko konponketa txikiak egiteko beste norbaiti deitzen al diozu? Inkesta baten arabera, hauxe da Z belaunaldiaren joera berriaren muina. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/z-belaunaldiari-egindako-kritika-berria-gotdit-joera/@@download/image/pexels-energepic-com-27411-175039.jpg
2025/02/18

Testua: Maitane Legarreta

Etxeko konponketa txikiak egiteko beste norbaiti deitzen al diozu? Inkesta baten arabera, hauxe da Z belaunaldiaren joera berriaren muina.
Z belaunaldiari egindako kritika berria: GOTDIT joera

Automobil eta txirrindularitza produktuak saltzen dituen Halfords enpresa ingelesak gazteen artean egindako inkestaren arabera, Z belaunaldiko kideek etxeko edo ibilgailuetako konponketa txikiak egiteko gaitasuna falta dute, eta, ondorioz, GOTDIT edo Get Others To Do It (Besteek egitea lortu) joera ari da nabarmentzen, hau da, beste batzuei ematea horretarako ardura.

Enpresa horrek egindako ikerketaren arabera, 18 eta 27 urte bitarteko gazteen %21ak ez zuen bere burua etxeko zenbait oinarrizko zeregin egiteko gai ikusten, esaterako lanpara baten bonbila aldatu. Arrazoiengatik galdetuta, %25ak uste du beroegia egoten dela bonbila, eta bostetik batek, berriz, bonbila aldatzeko, edo beste zerbaitetarako, eskailerara igotzea arriskutsuegia dela. 

Horretaz gain, paretan kuadro bat zintzilikatzeko laguntza profesionala eskatuko luke elkarrizketatuen %11k. Honi lotuta, buru laua duen bihurkina zer zen ez zekien %30ak.

Ibilgailuekin ere konponketarako ezagutza falta nabarmentzen dute datuek; %57k ez zekien gurpil bat puzten, inkesta erantzundako garaian behintzat, eta kotxeko katuaren argazkia erakutsita, %47k ez zuen jakin izan zer zen. 

Hortaz, zeregin hauek burutzeko laguntza eskatu behar dute. %22k gurasoengana jotzen dute horretarako, eta gainerakoek profesionalei deitzen diete. Langile profesionalei deitzeak gastua eragiten du, eta urtean 1.500 eurokoa izan daiteke gastu hori.

Zergatik gertatzen da hau?
Zenbaiten ustez, hezkuntzan hutsegite nabarmena egin da, bai etxean eta baita eskolan ere. Haur edo gazteei lanak egiten saiatzen ez uztea gero eta ohikoagoa da, gauzak nola egin ez erakustea eta, azkenerako, ez direla horretarako gai sinesten omen dute.

Bestetik, emantzipaziorako garaia gero eta beranduago iristen da, eta gurasoak arduratzen dira sarritan etxeko konponketa kontuez. Beraz, ez dute ikasteko premiarik sentitu.

Ibilgailuen kasuan, berriz, gidabaimena ateratzea eta autoa erostea garestitu egin da, eta horren ondorioz, gero eta gehiago dira garraio publikoan ibiltzen direnak. Beraz, ez da harritzekoa ibilgailuaren konponketaren inguruko ezagutzarik ez izatea, beharrik izan ez dutelako.

Zer iruditzen zaizu zuri? Benetan hala al da, ala Z belaunaldiari kritika egiteko beste aitzakia bat baino ez da?