Zea Mays taldeak bi abesti kaleratu ditu

Bi kantu horiek 'Adore' izeneko EPan bildu dituzte; izen bereko abestiaren bideoklipa ere plazaratu dute.

Pandemiak egunean egunekoa bizitzearen garrantzia nabarmendu digu eta bizi-filosofia hori aintzat hartu dute Zea Mays taldekoek. Hori dela eta, abestiak konposatu ahala grabatu eta aterako dituztela erabaki dute, esku artean diskoa osatzeko adina abesti izateko zain egon gabe. Hortik jaio da bi abestiz osatutako 'Adore' EPa. Argitaratutako bi abestiak Zuk borroka hasi eta Adore dira, eta azken honek bideoklipa ere badu. Adore kantuak bizi dugun egoerari aurre egiteko behar dugun kemena geure baitan bilatzeaz dihardu. Gomez Selvak zuzendu du bideoklipa eta azalaren diseinua, berriz, Fortun Fortunek egin du.

Lan berri hau Ricky Falkner ekoizlearekin grabatu dute, Jordi Mora arduratu da nahasketaz eta Victor Garciak masterizatu du. Falkner oso ekoizle ezaguna da eta hainbat talde eta bakarlarirekin aritu da langintza horretan: Love of Lesbian, Quique Gonzalez, Berri Txarrak, Ken 7, Gatibu... Abestiak apirilean grabatu zituzten Tarragonan.