Zein da, zortzigarren aldiz jarraian, munduko herrialderik zoriontsuena?

2002az geroztik, Gallup inkestatzaileak, Nazio Batuek eta Oxfordeko Unibertsitateko Ongizatearen Ikerketa Zentroak 140 herrialdetako datuak jaso eta azterketa egiten dute, munduko herrialdeen ongizatearen inguruko txostena osatzeko.
Azken datuen eta azterketaren emaitzak zabaldu dituzte eta, zortzigarren urtez jarraian, Finlandia izendatu dute munduko herrialderik zoriontsuena. Herrialde hauek dira lehen hamar postuetan dauden gainerakoak: Danimarka, Islandia, Suedia, Herbehereak, Costa Rica, Norvegia, Israel, Luxenburgo eta Mexiko.
Azken hamar postuetan, berriz, honako hauek daude kokatuta, atzetik aurrera: Afghanistan, Sierra Leona, Libano, Malawi, Zimbabwe, Botswana, Kongo DR, Yemen, Komoreak eta Lesotho.
Herrialdetako biztanleek euren bizi kalitatearen inguruko ebaluazioa egiten dute eta hori erabiltzen dute sailkapena egiteko. Horretaz gain, ekonomian, psikologian, soziologian eta bestelako arloetan adituak direnek herrialdeetan eta denboran zehar izandako aldaketak aztertzen dituzte eta honako alderdi hauek izaten dituzte kontuan ondorioak ateratzeko garaian: per capita BPGa, bizi-itxaropen osasuntsua, norekin kontatu izatea, askatasun-sentsazioa, eskuzabaltasuna eta ustelkeriaren inguruko pertzepzioa.
Zintzotasuna eta harremanak
Hainbat hausnarketa sortu dira azken azterketa honetatik, eta horietako bat zintzotasunaren edo ontasunaren garrantzia izan da. Adituek ondorioztatu dutenez, besteen ontasunean sinesteak uste baino lotura handiagoa du zoriontasunarekin.
Sarritan aipatzen da gero eta isolatuago gaudela eta bakardade ez hautatuak sufrimendu handia eragiten duela. Txostenean jaso dutenez, ongizatea besteekin otorduak partekatzearekin estuki lotuta dago, baina, esaterako, Estatu Batuetan bakarrik afaltzen dutenen kopurua %53 hazi da azken bi hamarkadetan.
Honekin lotuta, bizikideen kopuruak ere badu zoriontasunarekin zerikusia. Mexiko eta Europan beste hiru edo lau pertsonarekin bizi direnek zoriontasun maila altuena adierazi dute. Asko bakarrik bizi dira, ordea, Europan.
Bestetik, 2023an, munduko gazteen %19k aipatu zuen ez zeukala babes soziala emango zion inor. 2006tik, %39 hazi da kopurua.
Datu hauek ikusita, hauxe esan du Oxfordeko Unibertsitateko Ongizatearen Ikerketa Zentroaren zuzendaria den Jan-Emmanuel De Nevek: “Aurtengo txostenak neurtzeko zaila diren elementuak kuantifikatu ditu. Otorduak partekatzea eta besteengan konfiantza izatea uste baino garrantzitsuagoak dira ongizatea iragartzeko garaian. Osasunetik eta aberastasunetik haratago begiratzera eta jendea mahaiaren bueltan elkartzeko joera berreskuratzera bultzatzen gaitu".
Aditu eta txostengileen iritziak
Txostenaren editoretako bat den eta unibertsitatean psikologia soziala irakasten duen Lara B. Aknin unibertsitate irakaslearen hitzetan, "giza zoriontasuna besteekin ditugun harremanen baitakoa da. Lotura-sozial positiboetan inbertitzeak eta ekintza onberetan inplikatzeak zoriontasun handiagoa eragiten du".
John F. Helliwell ekonomialariak diru-zorro galduaren inguruko ikerketak egin izan ditu eta besteez fidatzeak ere badu antza eraginik: "Diru-zorroen inguruko datuak sinesgarriak dira, baieztatu egiten baitute jendea askoz zoriontsuagoa dela jendeak elkar zaintzen duela uste duen lekuan. Diru-zorroa erortzen uztearen inguruko esperimentuek pertzepzio horien errealitatearekin bat egiten dute, baita leku guztietan ezkorregiak izanda ere".
Gallup enpresako zuzendaria den Jon Cliftonen arabera, "zoriontasuna ez da osasun edo hazkuntza kontua soilik, konfiantza, harremanetan konexioa eta jendearen babesa sentitzea ere bada. Aurtengo txostenak erakusten du gutxietsi egiten dugula mundua benetan zein adeitsua den. Komunitate eta ekonomia indartsuagoak nahi baditugu, benetan axola duen horretan inbertitu behar dugu, elkarrengan".