Zeintzuk dira gure hizkuntza ohiturak? Bagerak testigantzak bildu ditu
Zein hizkuntzatan bizi gara egunerokotasunean? Nola komunikatzen gara? Herritarron hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin, hainbat tokiko esperientzia biltzen dituen 'Nola egin dute? Hizkuntza ohituretan eragiteko esperientzien bilduma' liburua aurkeztu berri du Bagera Donostiako Euskaltzaleen elkarteak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, euskalgintzaren rol aktiboa oinarri duten ekimenak jaso, aztertu eta ezagutzera eman dituzte liburuarekin, antzeko egitasmoak bultzatu nahi dituzten elkarte eta mugimenduentzako erabilgarri izan daitezen.
Tokiko aktibazioa oinarri hartuta, euskararen erabilera bultzatzeko abian jarritako hamar ekimen aztertu eta jaso dituzte liburuan, horietatik sei Gipuzkoan garatuak –Añorga, Astigarraga, Egia, Hernani, Lasarte-Oria, Donostiako Piratak–. Gainontzekoek Agurain, Aiaraldea, Arrigorriaga eta Trapagaranen martxan jarritako egitasmoei egiten diete erreferentzia.
Bagerako ikerketaren arabera, euskaraz bizitzeko nahiari erantzuteko aktibazio proiektu berritzaileak jarri dituzte martxan azken urtetan, guztiak helburu batekin: ohikoak diren hizkuntza ohituretatik aldendu eta euskararen erabileraren mesedetan izango diren aldaketak probokatzeko aukera berriak sortzea.
Bageraren ikerketa osorik irakurri nahi baduzu jo hona.