Zenbat denbora irauten dute elikagaiek egoera onean hozkailuan?

Ikasle pisuan zaudete, erosketak egin dituzue eta hozkailuan produktuak sartzen ari zarete. Kontuan izan hozkailua bost graduren bueltan izatea komeni dela eta haragia, arraina eta prestatutako platerak hozkailuko tokirik freskoenean sartzea. Barazkiak eta frutak, berriz, gunerik epelenean ipini. Ez pilatu elikagaiak, aireak zirkula dezan eta behar bezala egon daitezen.
Horretaz gain, ondo estali elikagaiak, hozkailua ez zikintzeko eta elikagaiek euren artean kontakturik izan ez dezaten. Bestetik, lehen iraungitzen diren produktuak eskura jarri, eta besteak barrualderago. Begiratu elikagaiak noizean behin eta iraungitze data igaro bada, edo itxura txarra badu, bota.
Elikagaien iraupenari dagokionez, haragia ontziratuta badago, bertan jartzen duen iraungitze datari jaramon egin. Haragi freskoa zenbat eta lehenago kontsumitu, hobe. OCU, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen erakundearen arabera, txahal xerrak edo txerriarenak bi edo lau egun arteko iraupena du, oilaskoak edo indioilarrak egun bat edo bi, eta baita saltxitxa freskoak ere. Prestatutako jakiei edo zopei bi edo laun egun arteko tartea ematea aurreikusten dute, eta saltsa eta saldei, berriz, bizpahiru egunekoa. Arraina, zuria zein urdina, egun bat edo bi gordetzea gomendatzen dute, eta UHT esnea hiruzpalau egun.
AESAN, Espainiako Elikagai eta Nutrizioaren Segurtasun Agentziaren arabera, barazkiak eta frutak ondo kontserbatzen dira giro-tenperaturan zenbait egunez. Hori bai, gutxiago iraun dezake meloiak eta sandiak. Hostodun barazkiak edo zenbait fruta, marrubiak esaterako, hobe garbitu gabe hozkailuan sartzea. Moztuta edo azala kenduta erosi baditugu, hozkailuan mantendu, haientzat izaten den kaxoian.
Janaria prestatuta dagoenean, zer?
Betiko moduan, otorduak ondo antolatzea eta sobera geratutako janaria aprobetxatzea garrantzitsua izaten da. Kontuan izan behar da janari denak ere ez duela berdin irauten. Gisatua lau egunez ere egon daiteke hozkailuan, baina arraina, mariskoa, edo patata-tortilla bi egun baino gehiago ez izan bertan.
Pasta eta arroza egun bat baino gehiagoan ez izatea aholkatzen da. Eltzekariak pare bat egunez mantendu daitezke hozkailuan eta prestatutako barazkiak eta haragia, berriz, hiruzpalau egunez. Arrautza egosiek astebete ere iraun dezakete.