Zenbat ordaindu behar da Jennifer Lopezekin argazkia ateratzeko?

Nazioarteko ospea duten artisten kontzertuetarako sarreren prezioa ez da merkea izaten, baina, hala ere, sarri askotan martxa onean saldu ohi dira sarrerak, halako artistak ikusteko aukera urriagoa izaten delakoan-edo. Kontzertu esklusiboen eta 'sold out'-aren garaian gaude gainera, eta halako esperientziak bizi eta kontatzeko aukera paregabeari ezin, bada, muzin egin. Sentipen hori izaten dute askok, baina bada joera honi modu kritikoan erreparatzen dionik ere.
Jennifer Lopez musikari estatubatuarrak zazpi kontzertu emango ditu Espainiako Estatuan uztailean; horietako bat Euskal Herrian izango da, Barakaldoko BECen, uztailaren 16an. Lopezen zaleak kontzertuetarako sarrerak erosten hasi direnean sortu da zeresana. Sarrerek 65 eurotik 400 eurora bitarteko prezioa dute, baina sarrerek baino harridura edo sumin handiagoa sortu dute bestelako eskaintzek. Jennifer Lopezekin argazki bat atera nahi duenak 1.210 euro ordaindu beharko ditu, eta "Meet and Greet" edo artista ezagutu eta agurtzeko esperientzia bizi nahi duenak, berriz, 1.700 euro. Eta azken bi eskaintza hauetan ez da sarrerarik sartzen, beraz, kontuan hartzeko moduko gastua da zalearentzat.
Taylor Swiften Eras Tourreko Vancouverreko kontzertuetan jazotakoak ere polemika eragin zuen. Hiru kontzertu eman zituen estatubatuarrak bertan, eta Ticketmasterrek kontzertua eszenatoki atzetik entzuteko sarrerak jarri zituen salgai, 16 dolarrean. Han eserita zeudenek ezin zuten eszenatokirik edo pantailarik ikusi, musika entzun bakarrik. Birako beste kontzertu batzuetan eszenatoki ertzeetan edo atzealdean kokatutako "ikuspegi murriztuko" sarrerak saldu zituzten, gainerakoen prezioa baino merkeago, eta kontzertua entzun eta pantailan ikusteko modua izan zuten toki horietan kokatutako zaleek.
Zer iruditzen zaizkizu joera hauek? Zaleen grina eta gogoa zukutu eta ekonomikoki aprobetxatzeko modua dela uste duzu, ala aukera aproposak direla iruditzen zaizu? Eman zure iritzia gure sare sozialetan!