Zenbat plastiko pilatzen duzu?

Zenbat plastiko pilatzen duzu? Beste alde batera begiratzeari utzi, eta neurriak hartzeko garaia iritsi da! Plastiko gabe bizitzeko prest? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zenbat-plastiko-pilatzen-duzu/@@download/image/_99120638_gettyimages-500712980.jpg
2017/12/13
berria
Beste alde batera begiratzeari utzi, eta neurriak hartzeko garaia iritsi da! Plastiko gabe bizitzeko prest?
Zenbat plastiko pilatzen duzu?

Egoera larria da; ozeanoak plastikoz beteta daude, gainezka egitera doaz. Horren aurrean, gutako bakoitzak badu zereginik; konturatu al zarete zenbat plastiko duzuen etxean? Eman buelta bat zuen etxetik, eta kontatu zenbat elementu diren plastikozkoak. Birziklatzea ondo dago, baina ez da nahikoa. Jarraian, plastikorik gabe bizitzeko hainbat aholku!

 

1) Erosketak telazko poltsekin egin: Gure aiton-amonek egiten zuten moduan, izan eskura erosketetarako telazko poltsa edota karroa. Hasieran kostatuko zaizu, baina behin ohitura hartuta, erosketa bakoitzeko plastikozko 5-10 poltsa pilatzeari utziko diozu.

 

2) Sukaldeko jakiak, bainugelako produktuak eta garbitzekoak beirazko tarroetan gorde: Supermerkatu handietan dilistak eta makarroiak plastikozko poltsetan datoz, baina pisuan saltzen duten auzoko denda txikietan erosita, hori ekiditeko aukera duzu. Ondoren, gorde jakiak edota bainuko zen garbiketarako produktuak beirazko ontzietan, eta amaitzen direnean, berriro bete. Askoz zabor gutxiago sortuko duzu.

 

3) Erosterakoan, ez erabili plastikozko poltsak jakiak gordetzeko: Dozena bat mandarina erosi behar dituzula? Eraman etxetik telazko poltsak! Eta pieza bakarra erostera bazoaz, itsatsi iezaiozu etiketa zuzenean. Zailagoa da harategiko zein arraintegiko produktuekin; aukera on bat kristalezko tupperrak eramatea izan daiteke, erositakoa bertan sartzeko.

 

4) Ordezkatu plastikozko hortzetakoa, esponja, orraziak...: Ez gara kontziente, baina bainugelan ditugun ia elementu guztiak dira plastikozkoak. Badaude beste aukera batzuk; banbuzko hortzetakoak, esponja naturalak, egurrezko orraziak... Plastiko gabeko produktuen inguruan gehiago jakin nahi baduzu, bisitatu: https://www.sinplastico.com/es/

 

5) Ez erosi plastikozko ur botilak, iturriko ura doan da: Plastikozko ur botilak erostea ekiditea da ziurrenik hartu dezakezun neurri errazenetako bat. Horren ordez, eskuratu beirazko kantinplora bat, eta bete iturriko urarekin; iturriko ur osasuntsu eta on bat izateko zortea dugu, beraz, aprobetxatu!

 

6) Baztertu plastikozko plater eta mahai-tresnak: Lagunekin bazkari bat duzula eta ez duzula platerak garbitzen ordubete igaro nahi? Geldi hor! Plastikozko platerek ere, badute lagun biodegradagarri bat: Amazonen bertan, azukre kanaberarekin eta bestelako elementu naturalekin egindako platerak saltzen dituzte.

 

7) Hilekoarekin ere, badaude beste bideak: Oraindik ez gara erabat kontziente, baina tanpoi eta konpresek sekulako inpaktu negatiboa eragiten dute ingurugiroan. Zorionez, gero eta indar handiagoa hartzen ari dira kopak edota telazko konpresak. Emaiezu aukera bat, ez zara damutuko!