Zer aldaketa estetiko jarri da modan gizonezkoen artean, itxura "maskulinoagoa" izate aldera?
Begiradak bere garrantzia du eta, horretan arreta jarririk, zenbait gizonezkok euren "maskulinitatea" nabarmentzeko hautua egin dutela azaldu dute sareetan.
Betileak erabat mozten dituzten gizonezkoen bideoak ikusiko zenituen honezkero sare sozialetan. Zergatik egiten duten hori? Haien iritziz, "maskulinoago" ikusten dute euren burua, betile luze edo lodiek beren itxurari "gizontasuna" murrizten dielakoan.
Norbaiten begirada betileekin gehiago gustatu ala ez norbere iritzi estetikoaren baitakoa da. Kontu estetikoaz harago, kontuan hartu behar da, ordea, erabaki horrek gure osasunean zer eragin duen. Hautsa, izerdia eta begiak narritatu edo kaltetu ditzakeen kanpoko beste mikroorganismoengandik babesten dute betileek. Infekzioak edo lesioak izateko arriskua handitu egiten da betilerik gabe.
Gainera, iristen zaigun argitasun maila edo haizea gutxitzen ere laguntzen dute eta baita malkoen lurruntzea murriztu ere. Ondorioz, begiak lehortzea saihesten dute.
Bestalde, betileak denbora behar izaten dute hazteko. Sei edo hamar asteren buruan erori edo ordezkatzen dira, eta, haiek gabe, modu deserosoan egon gaitezke luzaroan. Hortaz, ondo pentsatu halakorik egin aurretik!