Zer aurkituko duzu azaroko GAZTEZULO aldizkarian?
Eguraldia oraindik nahiko adeitsu badabil ere, azaroa iritsi da. Etxean, lasai, katilu bero batekin egoteko denboraldia hasi da eta ondoan GAZTEZULOren azaroko aldizkaria baduzu, askoz ere hobeto! Izan ere, AnePe Acedo dantzari eta koreografoaren elkarrizketa irentsi egingo duzu. Horretaz gain, beste askotariko kontu interesgarriak ere baditugu. Eskuratu zurea, aldizkaria jada kalean dago!
AnePe Acedo ziur askok TikTok-en ezagutu duzuela, baina bera benetan dantzaria eta koreografoa da. Baina Makusi plataforman, Gora Bihotzak telebista saioan edota GAZTEA irratian ere ikusi eta entzun duzue ziur. Denetarik egiten daki Elorriotarrak eta guztia ondo gainera. Ez galdu bere elkarrizketa!
Araitz Urria Lizarrak, erreportajea atalean, Amets Aznarez musikaria ezagutarazi digu. Talde ezberdinetan aritzen da instrumentu ezberdinak jotzen, erraietatik bizi du musika.
Baina badakigu batzuk nahiago izaten duzuela aldizkaria atal arinagoetatik hasi, eta ziur zuetako asko zuzenean Sexumatoia atalera jotzen duzuela aldizkaria jaso bezain arin, baietz? Bada oraingoan Ekain Ibarguren malabaristarekin bili gara lardaskan.
Atal arinekin jarraituz, Zirt-Zart deitutakoa ere badugu. Bertan, Nerea Alias aurkezleak ezohiko galderentzat ezohiko erantzunak topatu behar izan ditu. Bi aldiz pentsatu gabe botatakoak izan dira, inongo zentsurarik gabe.
Beñat Rodriguezek berriz, Joystick bi atalean hausnarketa txiki bat dakar: mundu guztiarentzat bikainak izan litezkeen bideojokoak, ez dute zuretzat zertan gozagarriak izan eta hori ere ongi dago. Zuretzat egokiena den jokoa hor kanpoan dago, jolastu egin behar jakite zein den!
Pantaila Txikianen, Gaizka Izagirrek, Querer telesailaz hitz egin digu. Onespenaren eta tratu txarren inguruko errediografia hiperrealista aparta.
Ohitura onak mantenduz musika, gastronomia eta pelikula gomendio ugari ere badakartzagu. Baita bidaiak, albiste baikorrak eta argazki bikainak ere. Jada kalean, galdu egingo duzu?
Kioskora joan beharrik gabe aldizkaria hilabetero etxean jaso nahi baduzu harpidetzeko aukera ere badugu; paperean zein digitalean! Sakatu irudian eta informatu zaitez: