Zer egin burutik kendu ezin duzun abesti hori ahazteko
Etengabe buruan entzuten duzun melodia inozoa behingoz ezabatzeko trukoak jarraian!
Denoi gertatu zaigu; irratian, telebistan ala kalean entzundako iragarki baten slogana, iraganeko kanturen bat ala gorroto dugun melodia bat buruan iltzatu, eta bertatik kendu ezinik ibiltzen gara, sutan jarri arte. Baina, zergatik gertatzen zaigu eta zer egin dezakegu melodia hori gure burutik ezabatzeko?
Fenomenoari earworms deitzen zaio, literalki, zizareak belarrietan; hain zuzen, sentsazio hori izaten dugu gorroto dugun kantu bat etengabe buruan errepikatzen dugunean. Normalean, konposizio sinplea duten kantuak izaten dira, hain zuzen, gure garunarentzat gogoratzeko errazak eta itsaskorrak direnak. Horregatik gogoratzen ditugu adibidez iragarkietako melodiak; errazak eta itsaskorrak dira, eta askotan entzuten ditugu, buruan iltzatuta gelditu arte.
Dena den, fenomeno hau gehiagotan gertatzen zaigu estres eta antsietate egoeran gaudenean; azterketa baten aurrean, lana gainezka dugunean, lo gutxi egin dugunean, urduri ala nekatuta gaudenean... orduan, inoiz baino gehiago agertzen dira earworms delakoak. Izan ere, musikak gure emozioak esnatzen ditu; horregatik, gure garuna aktibatu egiten da abesti zehatz bat entzuten dugunean, eta berdina gertatzen zaio abesti hori gogoratzen duenean.
ETA ZER EGIN ABESTIA BURUTIK KENTZEKO?
Obsesio guztien antzera, bi bide ditugu arazoari aurre egiteko; arreta beste zerbaitetara bideratu ala gure garuna gainkargatu. Lehen bidea aukeratuta beste abestiren bat entzun dezakegu, ala norbaitekin hitz egin, irratia ala telebista piztu... beste soinu bati arreta zuzendu, buruko soinua ahazteko. Bigarren bidea erradikalagoa da, baina bere emaitzak eman ditzake: burutik kendu ezinik dugun melodia hori behin eta berriro entzutean datza, garuna gainkargatu eta abestia behingoz burutik ezabatu arte.
Badago hirugarren bide bat; garunak interesa du amaitu ez diren gauzekin, eta burutik kendu ezinik gabiltzan kantua kasu hau izan daiteke. Hain zuzen abestiaren zatitxo bat etengabe errepikatzen badugu baina abestia osorik amaitzeko gai ez bagara, izan daiteke gure buruak abestia osorik amaitzeko desioa izatea; hortaz, abestia goitik behera entzutea grina hori asetzeko modua izan daiteke.