Zer eragin du Merkurio atzeratuak?

Merkurio atzeratuaren fenomeno astrologikoa urtean hiruzpalau aldiz gertatzen da, eta badirudi Merkurio planetak zeruan atzeraka egiten duela, nahiz eta benetan ez den hala.
Planeten energiek gugan duten eraginean sinesten dute batzuek, eta gure egunerokoan ondorioak dituela. Merkurio komunikazioarekin, teknologiarekin eta bidaiekin lotzen da eta atzerakada horrek alor horietan zerikusia izaten duela uste dute.
Lehen Merkurio atzeratua bihartik apirilaren 7ra arte izango da. Kaos kosmiko apur bat sortuko omen du horrek, eta galdutako mezuak, gaizki-ulertuak eta istripu txikiak izan omen daitezke tartean.
Martxoaren 29ra bitarte Ariesen izango da eta honako zeinuei eragingo omen die: Aries, Libra, Cancer eta Capricornius. Ondoren, Piscesen izango da, eta honako hauengan nabarituko omen da efektua: Pisces, Virgo, Gemini eta Sagittarius.
Garai honetarako aholkuak
Zer egitea komeni den fenomeno honen eragina samurtze aldera? Bada, hemen aholku batzuk, gai hauetan aritzen direnek esandakoa kontuan izanda.
- Argia izan komunikatzerakoan. Gauzak gaizki interpretatzeko arriskua dago, beraz, ondo irakurri mezuak bidali aurretik, eta ez erabili emoji nahasgarririk.
- Ez hartu erabaki azkarrik. Hobe behin betiko erabakirik edo konpromiso handirik ez hartzea, kontratu berririk ez sinatzea, eta proiekturik ez hastea. Orain asko pentsatu gabe hartutako erabakiek, ondorio kaltegarriak izan ditzakete.
- Kontuz teknologiarekin. Akatsak gerta litezke teknologiarekin. Beraz, artxiboen kopiak egin eta pazientzia izan.
- Bidaien xehetasunak zaindu. Atzerapenak gerta litezke, nahasketak edo baita bertan behera geratu ere. Hortaz, denboraz eta ahalik eta ondoen lotu pauso guztiak.
- Hausnartu eta pazientzia izan. Zure bizitzan zer dabilen ondo eta zer ez aztertzeko une aproposa izan daiteke. Kontuan izan ez fase honek ez duela betiko iraungo eta pazientzia izan.