Zer herrialdetan saihes ditzakezu elkarrizketak zerbitzu guneetan?

Dendetan eta halako zerbitzuetan, elkarrizketak behartu ordez, isiltasunaz gozatzea gustatzen bazaizu, Asiako herrialde honetara bidaia dezakezu.

Batzuetan ez dugu jendearekin hitz egiteko gogo handirik izaten, lotsatiak edo barnerakoiak garelako, aldarte kaskarra dugulako, pentsatzeko tartea behar dugulako edo bestelako arrazoiengatik. Hori dela eta, the Japan Times komunikabideak azaldu duenez, Japonian elkarrizketarik gabeko zerbitzuak eskaintzen dituzte, interakzio sozialik gabekoak. Ile-apaindegi, taxi, denda eta jatetxeetan elkarrizketarik gabeko zerbitzua ematen dute.

Tokioko ile-apaindegi batean, esaterako, bezeroek elkarrizketa normala, elkarrizketa gutxiago ala batere ez izatea aukera dezakete. Bertako nagusia den Takahiro Noguchi-ren arabera, duela hamar urte hasi zen kaiwa nashi (elkarrizketarik ez) zerbitzua eskaintzen, Erresuma Batuko "eserleku isiletan" oinarrituta. Gaur egun, bezeroen %60k eskatzen omen du, online erreserba egindakoan, elkarrizketa gutxitzea edo desagerraraztea. Gehienak hogei eta piko edo hogeihamar eta piko urtekoak izaten omen dira, eta ile-apaintzailearekin hitz egin beharrean, mugikorrean, ordenagailuan, musika edo beste zerbait entzuten edo liburua irakurtzen aritzen dira. Batzuk guraizeak ilea moztean ateratzen duen hotsa entzuten ere aritzen omen dira, lasaigarria iruditzen zaielako.

Ile-apaindegiko hizketa-gaiei dagokienez, lan eta eskolako kontuez hitz egitea izaten da okerrena bezeroentzat. Hizketarako gai gogaikarrienen artean daude honako hauek ere: maitasun kontuak, ezkonbizitza, familia eta oporretarako planak. Kontrara, mutilen %34.4k euren zaletasunen inguruan hitz egiten gozatzen dute, esaterako kirolaz edo mangaz, eta emakumeen %51.5ak, berriz, ilearekin lotutako kezkez. Hauxe da Hot Pepper Beauty Academy-k egindako inkestaren emaitzek erakutsitakoa.

Zerbitzu isilak, gero eta zabalduago
Osaka hiriko Urban Research denda-kateak bezeroek estresik gabeko esperientzia izatea nahi dute eta beraien erritmora erabakitzea. Hori dela eta, euren dendetan bi erosketa-poltsa mota eskaitzen dituzte: bat argia eta bestea urdina. Urdinak laguntzarik ez duzula behar esan nahi du, eta, beraz, ez zaizu dendaririk gerturatuko ezer galdetzera.

Kura Sushi jatetxean zerbitzari baten bidez eskaria egiteaz gain, mugikorraren bidez komunikatzeko aukera ere badu. Hasieran lan-karga arindu eta distantzia soziala bermatzeko bidea zen, baina lotsa edo antsietate soziala izaten duten pertsonek berehala zabaldu zuten joera hau sare sozialetan. Bezeroek aplikazioa jaisten dute mahaia erreserbatu ahal izateko, eta aplikazioaren bitartez egiten dute prozesu osoa: mahaian eseri, jatekoa eta edatekoa eskatu, eta ordaindu.

Zer iruditzen zaizu joera berri hau? Zuk ere nahiko al zenuke halakorik?