Zer informazio ez zenuke partekatu behar Chat GPT-rekin?

Zer informazio ez zenuke partekatu behar Chat GPT-rekin? Adimen Artifiziala gero eta gehiago erabiltzen dugu egunerokotasunean, baina adi ibili behar dugu ematen diogun informazioarekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zer-informazio-ez-zenuke-partekatu-behar-chat-gpt-rekin/@@download/image/pexels-sanketgraphy-16629368.jpg
2025/04/15
Adimen Artifiziala gero eta gehiago erabiltzen dugu egunerokotasunean, baina adi ibili behar dugu ematen diogun informazioarekin.
Zer informazio ez zenuke partekatu behar Chat GPT-rekin?

Eskolako zein lantokiko lanetarako, informazioa bilatzeko, testuak idazteko, osasun-kontsultak egiteko edo aholkuak eskatzeko ere erabili ohi da gaur egun ChatGPT. Kontuan izan behar dugu, ordea, algoritmoak informazio hori prozesatu eta gorde egiten duela. Ondorioz, kontsultatu duzunaren arabera, zuri buruzko xehetasun ugari izan ditzake, tresna hauek erantzunak pertsonalizatzea eta gero eta errendimendu eta eraginkortasun handiagoa izatea baitute helburu. 

Hori dela eta, tentuz ibili behar dugu ematen dugun informazioarekin. Adituen arabera, eta zuhurtziari jarraiki, badira ChatGPTrekin partekatu behar ez diren zenbait datu, informazio hori beste proba batzuetarako erabil ez dezaten edo zibererasorik ez izateko. 
Honako hauek dira eman behar ez diren bost datuak:

  • Datu pertsonalak. Ez sartu NANaren edo pasaportearen zenbakirik, helbiderik, telefono zenbakirik, edota jaiotza datarik. Sistema batzuek ez dute onartzen halakorik, baina badaezpada ez egin.
  • Osasun proben emaitzak. Datu pribatuak dira eta txatbotek ez daukate araudik zorrotzik honen inguruan. Kontsulta behar-beharrezkoa dela iruditzen bazaizu, identitatearen inguruko informaziorik gabe igo behintzat.
  • Finantza datuak. Kontu korronteen, inbertsio kontuen edo kreditu-txartelen zenbakirik ez bidali. Ondorio latzak izan ditzake halako informazioa partekatzeak.
  • Enpresaren inguruko informazioa. Laneko emailak idazteko txatbotak erabiltzen dituzte langile batzuek, baina kontuz ibili behar da, enpresaren proiektuak, estrategiak, xehetasunak edo kodigo ezkutuak agerian gera baitaitezke. 
  • Pasahitzak eta erabiltzaile izenak. Ez erabili txatbotak pasahitzen edo erabiltzaile izenen biltegi modura. Horretarako dauden softwareak aproposagoak dira.

Zeure burua babeste aldera, bestelako bide batzuk ere erabil ditzakezu, esaterako behin-behineko txatak erabili eta elkarrizketak ezabatu. Dena den, ohiko moduan, zentzuz eta arduratsu jokatu.