Zer musikari agertu da kontzertura 40 minutu berandu, motorrean erori eta behar baino lehenago amaitu du?

Zer musikari agertu da kontzertura 40 minutu berandu, motorrean erori eta behar baino lehenago amaitu du? Sareetan bolo-bolo dabil musikaria, asteburuan Madrileko kontzertuan izandako gorabeherengatik eta baita beste polemika batzuengatik ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zer-musikari-agertu-da-kontzertura-40-minutu-berandu-motorrean-erori-eta-behar-baino-lehenago-amaitu-du/@@download/image/GmkWq-HWUAA7BRd.jpg
2025/03/25

Testua: Maitane Legarreta

Sareetan bolo-bolo dabil musikaria, asteburuan Madrileko kontzertuan izandako gorabeherengatik eta baita beste polemika batzuengatik ere.
Zer musikari agertu da kontzertura 40 minutu berandu, motorrean erori eta behar baino lehenago amaitu du?

Emakume musikariek behin baino gehiagotan salatu izan dute gizonezkoek baino askoz meritu gehiago egin behar izaten dituztela aintzat hartuak izateko, eta ikuskizun landuagoak izatea exijitzen zaiela.

Bada, arrakasta handia duen eta kontzertuetan jende ugari biltzen duen JC Reyes musikari sevillarrak erakutsi du astebukaera honetan askoz gauza gehiago baimentzen zaizkiela gizonezkoei. Izan ere, larunbatean, KM 33 biraren barruan, Nacer de nuevo diskoa aurkezteko Madrilgo Movistar Arenan izandako show-a oker samar atera zitzaion, baina zeresana eman zuen, hori bai. 

Hasteko, aurreikusitakoa baino berrogei minutu geroago hasi zuen ikuskizuna. Motorrean atera zen eszenatokira eta erori egin zen bertatik. Ez zion jaramon handirik egin, eta segi egin zuen, madarikazio bat botaz. Gainera, behar baino lehenago alde egin zuen, soinu aldetik izandako arazo batzuk tarteko. Antza denez, bukaera ordua igarota, moztu egin zioten kontzertua.

Jendez lepo zegoen gunea eta horietako batzuk kexatu egin dira sare sozialetan. Batzuen esanetan, berandu heltzeaz gain, abeslariak ez zuen kontzertua geratu eta lehenago amaitzeagatik inolako azalpenik eman. Gainera, motorra publiko gainera erori zitekeela ere ohartarazi dute.

Lehen ere izan ditu arazoak kontzertuetan. Puro Latinoan jaialdian hogeita hamar segundu egin zituen oholtza gainean, eta txistuak eta kritika asko jaso zituen.

Polemika sortzen
Bere adierazpenek ere sortu dute zalaparta. El Mundo egunkarian duela gutxi argitaratutako titular honek bazterrak nahastu ditu sare sozialetan: "Espainiako sistema kaka zaharra da. Zergetan %47 kentzea inbidia kontua da". Berehala erantzun diote musikariari, diru hori zertarako erabiltzen den azalduz eta desberdintasun soziala arintzeko duen balioa nabarmenduz. Hauxe adierazi du, esaterako, Iñaki Lopez kazetari bizkaitarrak Twitterren: "Palmeteko zure bizilagunek erabiltzen duten osasun-etxea, zuk biretarako erabiltzen dituzun errepideak eta azpiegiturak, geltokiak, aireportuak eta kontratatzen zaituen udalaren aurrekontua... zergetatik ateratzen da". 

Bestetik, iaz, Rosalia abeslariak JC Reyesek bere argazki faltsu batzuk zabaldu izana salatu zuen sareetan. Bere argazki batzuk hartu eta adimen artifizialaren bidez biluztu egin zuen. Adierazpen hauek egin zituen orduan Rosaliak: "Emakume baten gorputza ez da jabetza publikokoa, ez da zure marketin estrategiarako merkantzia. Argazki horiek editatuta zeuden eta narratiba faltsua sortu zenuen nire inguruan, nahiz eta nik ez zaitudan ezagutu ere egiten. Baimena izeneko zerbait existitzen da. Barregarria edo onargarria iruditu bazitzaizuen, espero dut egunen batean emakume batengandik zatoztela, emakumeak sakratuak garela eta errespetatu egin behar gaituzuela ikastea."

Norberak nahi duen musika entzun dezake eta nahi duen kontzertuetara joan, baina, hau guztia kontuan hartuta, ondo pentsatu beharko genuke nori eta zeri ematen diogun gure dirua.