Zer neurri hartu du Errusiak jaiotza-tasa handitzeko asmoz?

Zer neurri hartu du Errusiak jaiotza-tasa handitzeko asmoz? Herrialdean jaiotzen den ume kopuruak behera egin du nabarmen, eta neurri berriak jarri dituzte martxan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zer-neurri-hartu-du-errusiak-jaiotza-tasa-handitzeko-asmoz/@@download/image/pexels-michaela-markovicova-758555-1625097.jpg
2025/04/29

Testua: Maitane Legarreta

Herrialdean jaiotzen den ume kopuruak behera egin du nabarmen, eta neurri berriak jarri dituzte martxan.
Zer neurri hartu du Errusiak jaiotza-tasa handitzeko asmoz?

Herrialde askotako biztanleria zahartzen ari da eta jaiotza-tasak, berriz, beheranzko joera du. Horrek kezka eragiten du agintari askorengan eta zenbait herrialdek askotariko neurriak hartu dituzte, joera hori aldatu nahian. 

Errusia da krisi demografikoa duen herrialdeetako bat. 2024an 1,2 milioi haur jaio ziren, azken 25 urteotan izandako kopururik baxuena. Ukrainako gerran hildako soldadu kopuruak eta jende askok herrialdetik alde egin izanak zerikusia izan du jaiotzen beherakadan. Errusiako Gobernuko Dmitry Peskov bozeramaileak egoera "katastrofikoa" dela ohartarazi du.

Joan den urtean umerik ez izatearen inguruan hitz egitea debekatu zuten, eta guraso ez izatearen aukera erakargarritzat ez irudikatzeko agindua ezarri zen, baita Interneten, filmeetan, publizitateetan eta telesailetan ere. Arau hau errespetatu ezean, isunak jaso daitezke. 

Aurten martxan jarritako neurriak ere zeresana sortu du. Errusiako hainbat tokitan 25 urtez azpiko unibertsitateko ikasleei ordaindu egiten diete umeak izan ditzaten. Zenbait eskualdetan, haurdun dauden ikasle nerabeei ere zabaldu diete ordainketaren atea. Era berean, amatasunaren aldeko laguntzak ere sustatu dituzte, bereziki bigarren ume bat izateko.

Neurri honen inguruko kezka sortu da, nerabeen haurdunaldiak ohikotzat jotzea dakarrelako. Ksenia Goryachova diputatuaren hitzetan, "tragedia bat da ume bat beste ume batez erditzea". Anton Kotyakov ministroak adierazi du ordainketa hauek ez direla "erditzeak gero eta goizago izateko, baizik eta ama gazteei une zail batean laguntzeko"

Gobernuak aipatu du ez duela nerabeen haurdunaldiak sustatzeko nazio mailako neurririk hartuko eta euren iritziz eskualdeetako gobernuen erabakiak “aliritzira” hartutakoak dira.