Zergatik gara gizentzearen beldur?
Zergatik gara gizentzearen beldur? Galdera honek ez du erantzun erraza, ez baitu erantzun bakarra. Planteatzea beharrezkoa da ordea, gizenfobiaz eta argaltasunaren kulturaz hausnartzeko. Argaltasunaren aldeko promozio erabateko eta jarraitu bat dago gizartean, non mehartasuna norbere buruaren zaintzarekin eta ohitura osasuntsuekin lotzen den, baita saiakerarekin eta autokontrolarekin ere. Hau da, balore neoliberal indibidualistak helarazten ditu argaltasunak eta mundu guztiari, izan gizen ala ez, eragiten digu ohartzen ez bagara ere.
Izan ere, telebista iragarkietatik hasi, dendetako neurrietatik jarraitu, edertasun produktuetatik pasa eta zineko butaken neurriraino: sistema eta gizartea pertsona argalentzat konfiguratuta dago. Osasun eta estetikaren izenean sekulako biolentzia legitimatzen da, eta bizitzako esparru guztietan eragina du: lanean, kalean, lagunekin... etxean ere ez gara libro, guraso edo familiarren “kezkak” ohikoak izaten baitira kilo gehiegi dituzten familiako kideekiko.
Egoeraren larritasuna ikusteko Googlen “gizenei buruzko txisteak” tekleatzea nahikoa da: 19.1 milioi sarrera gaztelaniaz, 118 milioi ingelesez: “Horren gizon potoloa zen, ezen bere aingeru guardakoak beste ohe batean egin behar zuela lo”, “hain gizen zegoen emakumea, non baskulara igo zenean errore mezu bat agertu zen ‘igo banaka’ zioena”... Pelikula eta telesailetan ere gizenfobia komentarioak ez dira falta izaten.
Hain zuzen, fikzioari erreparatzen badiogu ez dago rolik gizenentzat ez bada gizena izatea bera. Gizenak beti dira protagonista ederraren lagun baldar eta dibertigarriak. Normalean ez dira pantailetan azaltzen, eta azaltzen badira protagonistak euren gorputzak dira eta ez beraiek. Gizenek gizenen rolak interpretatzen dituzte.
Lan eremura ere zabaltzen dira fobia honen ondorioak. Sobornako Unibertsitateak burututako ikerketa baten arabera Frantzian gizon gizen batek lana aurkitzeko hiru aldiz probabilitate gutxiagoa du bere pisuan dagoen baten curriculum berdina izan arren. Horrela, gizarteak hala bultzaturik, pertsona hauek gutxiago balio dutela sentitzen dute besteekin alderatuz, euren autoestimua kaltetuz.
Gizenfobiaren betaurrekoekin begiratuz bakarrik ulertzen da pertsona hauek ezin dutela besteen maila berean lehiatu. Pertsona gizenak gizabanako etsiak bezala hautematen dira, tratu formal eta informalean egoerarik txarrenak hautatzeko prest daudenak. Alabaina, estigma sozialak sortzen ditu ideia honek, ez baita gizentasuna bere horretan gaixotasun bat agorafobia izan litekeen moduan, eta gizenfobiaren joera hau pertsonak beste moral irizpide batzuen bidez baloratzeko aitzakia besterik ez dira.
Hori horrela, pertsona gizenekiko biolentzia etengabea da, legitimatua eta sistematikoa. Pertsonen bizitzak kontrolatuz eta erregulatuz gorputz batzuk beste batzuk baino baliotsuago bilakatzen ditu sistemak, joera hori arau bihurtuz eta biolentzia legeztatuz.
Hortxe dago gakoa, ez dela konplexu indibidual bat, baizik eta eraikitako eta legitimatutako fobia bat dioena zein gorputz diren onartuak eta desiratuak eta zeintzuk ez. Gaitzespen hau historikoki justifikatu izan da eta sistema ekonomiko eta moralarekin zerikusia du.
Horregatik, lehen pausua modu indibidualean hauteman den arazoa kolektibo bilakatzea da. Politizatu beharra dago. Hemen arazo bat dago eta ez dira gizenak. Ez da ezer gertatzen gizena izateagatik, sistema da pertsonak zapaltzen dituena eta hortaz jabetuta borrokatu behar da. Errua ez baita indibiduoarena, gure gorputzak kontrolatu nahi dituen sistemarena baizik, eta horren kontzientzia hartu beharra dago.
GEROZ ETA ERRAZAGOA DA GIZENA IZATEA
Gizenfobia eite paradoxikoa da. Gizenak dauden pertsonak ezberdin sentitzen badira ere, normalitatetik at daudenaren uste sendoz, gizarteak aldarrikatu nahi duen normalitate hori geroz eta murritzagoa da. Mediku ikuspuntu batetik gizen egotea zer den argi badago ere, jakinik zer den gorputz osasuntsu bat; ezagutza zientifikoetatik harago gizen egotea da normalitate berria. Zer dela eta? Ez da geroz eta gizen gehiago daudelako, baizik eta gizen egoteko atalasea geroz eta baxuagoa delako, eta horregatik inoiz baino errazagoa delako berau zeharkatzea.
GIZEN HITZA TABUA DA
Inoiz baino “gizen” gehiago dagoen honetan ordea, gizen hitza bera tabu bilakatu da. Modaren industriak hamaika neologismo eta eufemismo sortu behar izan ditu neurri handiko pertsonak izendatzeko, eta azken urteetan curvy nagusitu da. Halere, kontzeptu hauek artifizialak suertatzen dira eta modu honetan gizen kontzeptuari, bere ausentziagatik, are eta tabu gehiago ezartzen zaizkio.
Zenbait ahotsek diote curvy kontzeptua kaltegarria izan daitekeela, ez baititu errealitate guztiak kontuan hartzen. Modelo curvy-ek ere bazterkeria sortzen dute, beti baitira emakumezko gazteak, kurba proportzionatuekin, makillatuak, atseginak eta maitagarriak. Hori dela eta, feminismoaren inguruan mugitzen diren zenbait mugimendu sozialek gizen hitza bere egitea erabaki dute, harrotasunez aldarrikatuz. Finean, hizkuntza bat erabiltzeko moduak moldatu baitezake pentsatzeko modua ere. Gizentasuna banderatzat hartzea gizenfobiatik defendatzeko modu bat da, kapitalismoak bere egin duen lurretan bertan borrokatuz.
Joera oraindik bestelakoa da ordea. Kilo batzuk irabaztean jendeak berehala abisatzen dizu gizendu egin zarela, eta noski, azkartasun berdinez zoriondu argaltzean. Homosexualen munduan geroz eta maizago sortzen dira egoera hauek. Gizonezkoek ordu asko igarotzen dituzten euren gorputzak zizelkatzen erakargarriagoak izateko. Eta ez naiz ari soilik harreman sexual edo maitasunezko erakargarritasunaz, askok ez duten nahi gizarteak erabakitakoa baino kilo gehiago dituztenekin lagun harremanik eduki ere, pertsona hauek maila baxuagoan daudela pentsatzera iritsi baitira.
Zirkulu profesionaletan ere ematen dira horrelako aurreiritziak. Ez dira berdin tratatzen lankide gizenak. Askotan gizen barregarriaren rola bete behar izaten dute eta euren iritziak ez dira horrenbeste hartzen kontutan. Ez dut pertsona gizen bakar bat ezagutzen dioena ez duela gizenfobiarik sekula pairatu. Baina berdin pairatzen al dute gizenfobia gizonezkoek eta emakumezkoek? Gizonezkoek ere pairatzen dute noski, baina emakumezkoak kilo gutxiagorekin hasten dira gizen izaten. Gizonezkoen patroi estetikoa handiagoa eta indartsuagoa da, eta horregatik kilo batzuetan pasata ere ez dira edertasunaren mugetatik horren erraz ateratzen. Aldiz, patriarkatuak espero du emakumezkoak argalak eta delikatuak izatea eta arau horretatik apur bat atera ez gero aurreiritzien josketak lehertzen dituzte.
Neurriak apurtzeaz ari garela, datu bat. Aurreko urtean Estatu Batuetan neurri handiko arropen (44 neurritik gorakoak) salmenta 17.250 milioi eurotan hazi zen, 2013an baino %17 gehiago. Erresuma Batuan, non neurri handiko arroparen erosleak biztanleriaren laurdena diren, aurreikusten da XL merkatua %24 haziko dela datozen bi urteetan.
Hala eta guztiz ere gizen egotea oraindik bazterketaren ikur da. Gizenfobia geldiarazteko lanean dabiltzan erakundeek adierazi dutenez gizenek jasaten duten bazterkeriak osasunean eragin kaltegarriagoak ditu kilo batzuk gehiago edukitzeak baino. Pertsona gizen askok jasaten dute depresioa, antsietatea, fobia soziala edo agorafobia bazterkeria honegatik. Horregatik, honen aurrean norbaitek egin dezakeen ekintzarik osasuntsuena ez da gimnasiora apuntatzea, baizik eta tokatu zaion gorputz hori maitatzea, norbere burua maitatuz.
FEMINISMOA, GIZENFOBIA ETA MISOGINIA
Aurreratu dugun moduan, gorputzaren kontrolaz eta arauez hitz egitean ezinbestean generoaz hitz egin behar da. Gizenfobia generoak zeharkatzen du eta pertsona gizenengan ematen den biolentzia misoginiaz zipriztinduta dago. Emakumeari gizonari baino gehiago exijitzen zaio.
Gorputza eta honen kontrola modu zabal eta aberatsean landu izan dute autore feministek. Naomi Wolf-ek, feminismoaren ordezkari nagusienetako batek, zioen argaltasun femeninoarekin obsesionatutako gizarte bat ez dagoela emakumeen edertasunarekin obsesionatua, baizik eta hauen obedientziarekin. Dieta da lasaigarri politikorik indartsuena emakumeen historian.
Horrenbeste bikini operaziorekin, maionesa lightarekin eta zelulitisaren aurkako kremekin emakumeak ez du denborarik bere eskubideetan pentsatzeko. Lehentasuna eder eta argal egotea da. Baldintza bakar hau bete ezean emakumearen lorpen guztiak baliogabetuak geratu ohi dira. Horrela, sistema etengabe lanean dabil emakumearen ardura handiena jaten duen hori mugatzea izan dadin eta halere, inoiz ez daitezen gustura egon euren gorputzetan.
“Gizen ona” eta ahalduntzearen diskurtso faltsua
Joera ikusirik, sistema patriarkala transformatu daiteke baina ez desagertu. Horrela, mezu matxista eta misoginoek ez dute status quoa aldatzen, nahiz eta feministatzat saldu. Testuinguru honetan sortzen da azkenaldian zabaldu den “gizen ona” kontzeptua, oso kritikatua izan dena mugimendu feministatik. Kontzeptu honek, emakume gizenak desira maskulinoaren iruditeriaren barruan txertatzen ditu, besterik ez.
Modu honetan, kontzeptu hau emakumeak gizonezkoen begiradapean egoteko daudenaren ideia berresten da, desiraren objektu den kaiolatik mugitu gabe. “Gizen onaz” hitz egiten denean hauxe esaten da: “Nik ere badut eskubidea gizonek desira nazaten”.
Emakumeei behin eta berriz sinestarazi nahi zaie ez direla perfektuak eta zerbait falta dutela. Hutsune hori betetzen saiatzen da sistema kapitalista erakutsiz, gorputzean eta edertasunean oinarrituz, zer den falta dutena.
Honen aurrean, ezinbestekoa da gizentasuna eta osasuna bereiztea. Gizen edo argal egotearekin zerikusirik ez duten ohitura osasungarriak zabaldu behar dira. Batetik, gizen egoteak ez duelako beti zerikusirik norbere bizitza ohiturekin, eta bestetik, ohitura horiek ez direlako motibatu behar argaltzeko, baizik eta osasuntsu egoteko. Edertasun prototipoa ongi sentiarazten gaituena izan beharko luke eta kito. Gure gorputzak etengabe aldatzen doaz, zergatik definitu behar genituzke begiratzen gaituzten begien arabera? Horregatik, bada garaia gizarteak bere ikuspegia aldatu eta pertsona hauei “maita itzazue zeuen buruak” esan beharrean, “maite zaituztegu” esatekoa.
Orain, egiozu berriz zure buruari hasieran planteatu den galdera: Zergatik gara gizentzearen beldur? Inork azaldu gabe ere badakigulako zein gaizki tratatzen dituen gizarteak pertsona gizenak.
Gizenfobia aztertzen duten hiru liburu interesgarri:
– 10 gritos contra la gordofobia, Magdalena Piñeyro.
– On Ne Naît Pas Grosse, Gabrielle Deydier.
– You Have the Right to Remain Fat, Virgie Tovar.
Carmen Godino: Stop Gordofobia
STOP GORDOFOBIA MUGIMENDUAK ZIBERAKTIBISMOA EGITEN DU GIZENFOBIA IKUSGARRI BIHURTZEKO HELBURUZ. BERTAN GAIARI BURUZKO TESTIGANTZA ETA ALBISTEAK BILTZEN DITUZTE. WEB GUNEAREN KUDEATZAILETAKO BAT DA CARMEN GODINO ETA BERAREKIN MINTZATZEKO AUKERA IZAN DUGU.
Gizenfobiaz mintzatzeko elkartu gara, baina benetan ez du inork gizenenganako fobiarik, ezta? Zergatik uste duzu gertatzen dela hau?
Gizenfobia barneratuta eta normalizatuta dagoelako. Eskolara joan eta haur gizenari txisteak egiten hasten zaizkionetik hasten da, horregatik ez da eraso bat bezala hautematen.
Zer egin daiteke joera hau gelditzeko?
Beharrezkoa da gorputz ezberdinei ikusgarritasuna ematea eta erakustea pertsona gizenak beraien gizentasuna baino zerbait gehiago direla. Hau da, emakume bat ona bada idazten, aktore lanetan edo dena delakoan, eztabaidagai ez dadila bere gizentasuna izan, baizik eta bere lanbidea. Gai hauek espazio feministara eramateak ere asko laguntzen du. Guk hitzaldiak ere ematen ditugu eta gaiaz asko irakurtzeak ere baliagarria da. Bilatu “Stop Gordofobia” web gunea bezalakoak. Maila pertsonalagoan ez epaitu, ez seinalatu gorputz ezberdin bat. Ez hitz egin fisikoaz edo pisua galtzeaz eguneko 24 orduetan. Ez epaitu bikotekide gizena duen norbait. Euren gorputzak errespetatuz eta toleratuz tratatu besteak.
Egia al da gizenfobiaren ondorioak emakumeek gehiago pairatzen dituztela?
Ez dakit gizenfobiak emakumeari gehiago eragiten ote dion, baina pisuarekin lotutako diskriminazio handiagoa eta intentsuagoa pairatzen dutela emakumeek argi dago. Emakumeen fisikoa aztertzeko joera etengabeko bat dago, heteropatriarkatuak apaindura objektu moduan ikuste baikaitu. Indarraren logikaren baitan gizonezkoei handiagoak izatea baimentzen zaie, emakumeok aldiz txikik izan behar dugu, betiere umeak, luma bezain delikatuak. Hori dela eta, gizonengan kilo gehiago toleratzen dira, nahiz eta eurek ere gizenfobia pairatu.
“Curvy” edo “neurri handia” bezalako etiketek funtzionatzen al dute?
Merkatua ohartu da pertsona gizenok ere arropa erosten dugula eta kontsumitzaile potentzialak garela. Hori dela eta, beren etiketa eta markekin gu irabazten saiatzen ari dira. Dena den, gizen moten artean ezberdintasun argiak egiten dituzte.
Gizen “curvy” bat kilo batzuk soberan dituen modelo izugarri ederra da. Neurri handiko arropak benetan ez dira horrenbeste. Praktikan modelo gizen jakin bat bilatzen ari dira, eta gantzarekin ederrak ez bagara edo euren neurrietan sartzen ez bagara, berriz ere epaitu egingo gaituzte.
"Gizen ‘curvy’ bat kilo batzuk soberan dituen modelo izugarri ederra da. Neurri handiko
arropak benetan ez dira horrenbeste. Praktikan modelo gizen jakin bat bilatzen
ari dira, eta gantzarekinederrak ez bagara edo euren neurrietan
sartzen ez bagara, berriz ere epaitu egingo gaituzte”
Zer motatako erasoak jasan behar izaten dira egunero gizena izateagatik?
Aipatzen dituzun erasoak huskerietatik garrantzi gehiagoko egoeretaraino doaz. Zure familiak ikusten zaituen bakoitzean dieten kontua ateratzetik, ume gizen askok eskolan jasaten duten bazterkeriraino. Nigan zentratuz, nire gizentasuna nire inguruan gai errepikaria da, dietez hitz egitea, pisua galdu ote dudan aipatzea, zergatik ez dudan galtzen galdetzea... sexua edukitzen dudan bikoteek ere ateratzen didate gaia. Lan batzuetan ez naute kontratatzen bataz besteko pisua ez edukitzeagatik, ez dut nire neurriko arroparik aurkitzen... Alfer etiketa jartzen zaigu, esanez osasun publikoaz aprobetxatzen garela eta abar eta abar.
Inoiz baino errazagoa al da “gizen” etiketan sartzea?
Nire ustez bai, Gorputz Masaren Indizea (GMI) aldatzen duten bakoitzean pertsona asko gizen izatera igarotzen dira. Estatu Batuetan dago horren froga argia, aldaketa hauei esker seguru pribatuak izugarri aberastu baitira.
Egoera honi buelta emateko zer proposatzen duzue “Stop Gordofobia”tik?
Gizenfobia ikusgarri bihurtzen dugu “Stop Gordofobia”-tik ziberaktibismoaren bidez. Jendeak aktiboki parte hartzen du mezuak bidaliz euren testigantzekin, albisteekin edo bestelako kontuekin. Web gunea kudeatzen dugun batzuk hitzaldiak ere ematen ditugu, artikuluak edo fanzineak idatzi... 78.000 pertsonek jarraitzen gaituzte Facebook-en eta gaia lantzeko bultzada handia izan da sare sozial hau.
Zer esango zenioke gizena izateagatik bere gorputzean gaizki sentitzen den pertsonari?
Pertsona gizena izateagatik gaizki sentitzen den pertsonari arretaz entzungo nioke. Laguntza edo aholkua eskatzen badit gure web gunea jarraitzeko esango nioke, maite duten pertsonez inguratzeko eta jaso dituen hamaika mezu gizenfobikoengatik gorrotatzen duela bere burua ohartaraziko nioke, baina ulertzen diodala eta zaila dela aldatzea.