Ziberbikoteak

Ziberbikoteak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ziberbikoteak/@@download/image/7p18-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Ziberbikoteak
Ba al dakizu Urliak Berendia ezagutu duela sarean eta orain elkarrekin dabiltzala? Gero eta gehiago entzuten ditugu horrelakoak. Izan ere, internetek aukera ugari ematen du eta haietako bat jendearekin harremanetan jartzea da.

Gauzak aldatzen ari dira. Garai batean neska-mutilek herrietako festetara jotzen zuten neska-mutil bila eta ia beti, bikoteek plazan elkar ezagutzen zuten. Gaur egun, plaza beharrean, tabernak eta dantzalekuak ditugu, eta edozein gau zorotan ezagutu dezakegu gure bihotzeko azukre koxkorra. Eta etorkizunean? Etorkizunean, beharbada, sarea izango da neska-mutiletan egiteko garai bateko plaza eta, tabernetan ez bezala, egunero 24 orduz izan genezake ligatzeko aukera.
"Emaztea sarean ezagutu nuen duela hiru urte, ezagutu eta handik urtebetera ezkondu egin ginen eta orain elkarrekin bizi gara", adierazi digu izena eman nahi izan ez duen Donostialdeko gazte batek. Azkar ibili ziren, bada! Batez ere, kontuan hartzen badugu neska ez zela europearra... Mutil honek azaldu digu nola ezagutu zuten elkar: "etxean interneta jarri eta berehala txateatzen hasi nintzen. Txat horietako batean neska bat ezagutu nuen, elkarrekin gero eta gehiago hitz egiten hasi ginen eta azkenik, helbideak elkar trukatu genizkion. Hor hasi zen dena. Egunero-egunero harremanetan jartzen ginen eta gure kontuak, ohiturak, arazoak kontatzen genizkion elkarri, baita argazkiak bidali ere. Ezagutu eta handik hiru hilabetera, berak Europara etorri behar zuenez, aurrez aurre ezagutzeko aukera izan nuen eta berarekin maitemindu nintzen. Dena oso azkar joan zen, eta bere gurasoek ezkontzea nahi zutenez, interneten ezagutu eta urtebetera ezkondu ginen".
Ez pentsa sarean sortutako bikote guztiak ezkontzen direnik, ezta herri ezberdinetakoak direnik ere. "Nire mutila duela zazpi bat hilabete ezagutu nuen txat batean eta geroztik, elkarrekin gabiltza. Bera Bilbo ondoko herri batekoa denez, hasieratik ez dugu arazorik izan zitak egiteko. Nolabait sarea elkar ezagutzeko bidea izan da, baina handik aurrera, edozein bikotek duen harremana bera dugu", dio Bilboko neska batek.
Arriskuak
Nabaria denez, gure solaskideek ez dute izenik eman nahi izan. Zergatik ote? Gaizki ikusita al dago sarean mutiletan edo nesketan egitea? "Lagunek denetarik esan zidaten, batzuek aurrera egiteko, eta beste batzuek, aldiz, erotuta nengoela", esan digu Donostialdeko mutilak. Izan ere, bilbotarrak dioenez, "gizartean aurreiritzi asko dago, baina nire ustez, gauza bera da jendea tabernan edo interneten ezagutzea".
Ohi bezala, sarean ligatzeak abantailak ditu, baina baita arriskuak ere. Agurtzane Ormaza psikologo eta sexologo bakiotarrak dioenez, batetik, jendea ezagutzeko beste "toki" bat da, taberna bezalakoa. Bestetik, gure buruarekin eta besteekin zintzoagoak izateko aukera ematen digu, sarean inork ez baikaitu ezagutzen, eta beraz, gu benetan garena, izan nahi duguna edo gure fantasiak lasaiago adieraz ditzakegu. Azkenik, jendea ezagutzeko arazoak izan ohi dituzteen 35 edo 40 urteko gizon-emakumeentzat aukera ederra da. Dena den, arriskuak ere badira: "internet baliabide bat da, besterik ez, baina baliabide bakarra eta nolabait helburu ere bihurtzen denean, orduan sortzen da arriskua. Gainerako bideak bazterrean uzteak jendea bakartasunera eraman dezake eta. Horrez gain, ez dugu pentsatu behar sarean dena egi borobila denik", dio Agurtzanek.
Agurtzaneren ustez, gero eta jende gehiagok ezagutzen du bere neska-mutila sarean. Batzuek helburu horrekin jotzen dute internetera, "baina gehienek jakinminez, edo jolasteko edo jendea ezagutzeko asmoz egiten dute".


Zibersexua



• Erotismoa eta pornografiari buruzko hamaika web orrialde daude interneten. Batzuk doakoak dira eta beste batzuetan, berriz, ordaindu behar da. Denetarik aurki daiteke orrialdeotan: argazkiak, narrazioak, bideoak, strip tease-ak... Etxetik lan egiten duten porno star-ak ere badira, eta baita euren sexu saioak sarean ikusgai jartzen dituzten bikote arruntak ere. Private enpresa arlo honetako indartsuenetakoa da. Privateren web orrialdeak 900.000 bisitari ditu hilero.
• Time aldizkariaren arabera, internet bidezko merkataritzaren %68 pornografiari buruzkoa da. Datu hau emateko, Time-k 900.000 irudi aztertu zituen sarean.
• EEBBetan, San Fernando Valley-n, 20.000 lagun sarean sortutako pornografia industriari esker bizi dira.

Euskarazko solasgunea


Gaur egun, euskaldunok euskara hutsez aritzen den solasgune edo txat bakarra dugu sarean. Plazagunea elkarteak sortu du eta Fermin Lazkano bertako kudeatzaileak esan digunez, nesketan edo mutiletan egiteko baino lagunarteko harremanetarako erabiltzen da gehienbat. Hala ere, "denetarik dago", aitortu digu Ferminek. Solasgune hau apirila erdialdera arte proba garaian egongo da.
Plazagunea duela 10 urte jaio zen eta bere helburua Euskal Herriarekin zerikusia duten edukiak sarean eskaintzea da. Orain arte jalgi izeneko bilatzailea abian jarri du, besteak beste. Solasgunea www.euskalerria.org helbidean aurkituko duzue.