Zinema proiekzioak egingo dituzte Gasteizko Olarizuko Etxaldean
Gaur eta bihar bi film emango dituzte, eta datorren astean gainerakoak.
Lorategia zikloaren baitan, zinema proiekzioak egingo dituzte gaur eta bihar, eta irailaren 5ean eta 6an Olarizuko Etxaldeko patioan. Fikziozko pelikulak eta dokumentalak emango dituzte, pentsamendu kritikoa aktibatzeko asmoz. Sinestesia, maiztasuna eta memoria izango dira ardatz tematikoak.
Gaur, Mongoliako estepetan girotutako nomadismoari buruzko Khadak filma proiektatuko dute, Bihar, berriz, Taming the garden pelikula ikusi ahal izango da. Denbora-pasa bitxia duen gizon boteretsu bati buruzko istorioa da; lorategi pribatu bat eraikitzen ari da, Georgiako kostaldean zehar finkatutako komunitate txikietatik erauzitako ehun urtetik gorako zuhaitzez osatua.
Irailaren 5ean, A metamorfose dos passaros film portugaldarra izango da. Catarina Vasconcelosek haren familiaren historia berreraikiko du, naturarekiko lilurari buruzkoa, Henriquek itsasotik bidaltzen dizkien eskutitz eta telegrametatik abiatuta.
Azkenik, irailaren 6an, zikloaren hiru kontzeptuak biltzen dituzten film laburrak emango dituzte.
Filmak 21:00etatik aurrera erakutsiko dituzte, eta sarreren prezioa bost eurokoa da. Udalaren webgunean eros daitezke sarrerak. Eguraldiaren ondorioz aire zabalean egiterik ez bada, Olarizuko Etxaldearen barruan proiektatuko dituzte.