ZIRT-ZART: ANER PERITZ
“Genitalak duintasunez depilatzeko talentua nahi nuke”
ANER PERITZ MANTEROLA (ZARAUTZ, 2002) BERTSOLARIA DA. 2022AN, BERTSOLARI GAZTEEK SORTURIKO 'ERRE' IKUSKIZUNEAN PARTE HARTU DU. ARGIAREN 'BEREZKOA TA NATURALA' BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIAREN INGURUKO BIDEO-PODCASTEAN ERE ARITZEN DA. NATURAL-NATURAL ERANTZUN DIZKIGU GALDERA HAUEK.
- Zoriontsua zara? Zer da zuretzat zoriontasuna?
Niretzat zoriontasuna da goizetan jaiki eta pisukideak gosaria prestatu dizula ikustea. Ez naiz zoriontsua. - Sekula egin ez dizuten zer galdera egitea gustatuko litzaizuke?
“Zergatik zara heteroa?” - Zein platera kozinatu ahalko zenuke momentu honetan hozkailuan duzunarekin?
Mortadela-tortilla garagardo-saltsan. - Zer da egin duzun erokeriarik handiena?
Lau hilabete oso igaro nuen ostiraletan goizeko bederatzietako klasera azaltzen. Ez nuke gomendatuko.
- 'Clickbait' egiteko zein titularren protagonista izatea gustatuko litzaizuke?
“Aner Euzkitze Iñaki Artolarekin hasi da”. - Zeinengatik aldatuko zinateke, aldatuko bazina?
Ez nintzateke aldatuko; gaixoa ni izatea tokatzen zaiona... - Zein da deskargatu duzun azken app-a?
TikTok-a. - Zer dio bidali duzun azken Whatsapp mezuak?
“Nik larunbatian ezin det”. - Zer bertute balioesten da behar baino gehiago?
Memoria. Gogoratzea aspergarriegia da, gauzak asmatu egin behar dira. - Zer abesti aukeratuko zenuke zure hiletarako?
Zorionak zuri. - Esan eta berehala damutu zaren esaldia?
“Keba, lasai, ez du inporta”. - Nola irudikatzen duzu zure burua hemendik hogei urtera?
Okertuta, burusoil eta insomnioarekin. Optimistegia naiz beharbada. - Zer abestik ematen dizu nazka?
Gatiburen edozeinek. - Interneten zuri buruzko gauzen bila aritu izan al zara?
Askotan begiratzen diot, irudiei batez ere. Nire izena jarrita, nire argazkiak aitarenak baino gehiago agertzen diren egunean kezkatuko naiz. - Dirua traba ez balitz, zer egingo zenuke?
Gorde. Baina traba egiten dit, eta gastatu baino ez dut egiten. - Nork dakizki zure sekretu gehien?
Bill Gatesek.
- Zer da besteengan gehien gorroto duzuna?
Ingelesez ondo ahoskatzea. - Noiz esaten duzu gezurra?
Egia esaten ez dudan aldi guztietan. - Zer pentsatuko luke zure bertsio gazteagoak zutaz?
“Nik ez dut hori izan nahi”. - Zer hitz edo esaldi erabiltzen duzu behar baino gehiagotan?
“Ok, boomer”. - Zer talentu izatea gustatuko litzaizuke?
Genitalak duintasunez depilatzeko talentua. - Zure ezaugarriren bat aldatu ahalko bazenu, zer aldatuko zenuke?
Ez dakit minutu eta erdi baino gutxiago irauten duten audioak bidaltzen. Inork konbertsio-terapiarik ezagutuko balu, abisa diezadala. - Zertaz damutzen zara gehien?
Eman ditudan baiezko askoz. Bizitzaren alderdi askotara estrapola liteke hau. - Zer birao duzu gustukoen?
Lerdoa. - Zerurik izango balitz, Jainkoak zer esatea gustatuko litzaizuke sarrerara iristean?
“Ok, boomer”. - Zer hitz duzu kutunen?
Ttunkurrukuttun. - Zer hitz gustatzen zaizu gutxien?
Ajea. - Dena dakien izaki bati galdera bat egin ahal izango bazenio, zer galdetuko zenioke?
“Badakizu zer ez dakizun?” edo “Nola deitzen zaio igogailuari beherantz doanean?”. - Zer azaltzen da zure mugikorrean gordeta duzun azken argazkian?
Haizea Arana eta bion argazki bat da, parranda transmaribollo batean Jon Maiarekin.