[ZIRT-ZART] JANIRE ATXURRA: “Ez naiz fidatzen erregaliz beltza gustatzen zaien pertsonez”

Janire Atxurra (Aulesti, 2000) TikTok-en oso aktiboa da eta denetariko edukia sortzen du, naturaltasun handiz. Gure galderei ere halaxe erantzun die.

Miresten duzun norbaiti argazkirik edo autograforik eskatu al diozu?
Inoiz ez nintzateke ausartuko norbaitengana hurbiltzera, eta are gutxiago ezer eskatzera. Hala ere, oso mozkortuta egon nintzen Su Ta Garren kontzertu batean, egin nuen.
Zer kultur produktu erosi duzu azkenaldian zuretzat? Eta beste norbaitentzat?
Liburuak eta zinema. Liburuetan diru gehiegi gastatzen dudala onartzen dut. Zinemara joatea izugarri gustatzen zait, nire bikotekideari sarrera batzuk erosi dizkiot.
Facebook, Twitter, Instagram ala TikTok?
Instagram asko gustatzen zait, baina onartzen dut TikTok dela nire gustukoena. Tontotu eta drogatu egiten zaitu, eta ezin zara hortik atera.
Zer momentutan -non, noiz eta nola- sentitu izan zara zoriontsuen?
18 urterekin depresioa diagnostikatu zidaten eta uste dut inoiz ez dudala erabateko zorionik sentitu. Zoriontsu banaiz, batzuetan, bakean nagoenean. Azkenekoz, amonaren etxean egon ginen kartetan jokatzen, familia osoa, eta poza eta zoriona sentitu nituen. Depresioa isiltzen denean sentitzen dut zorion pixka bat.


Zein da jaitsi duzun azken aplikazioa?
Goodreads, aplikazio honetan jendeak irakurtzen dituen liburuak partekatu eta puntuatzen ditu, iruzkinak ere egin daitezke.
Nola irudikatzen duzu zure burua hemendik hogei urtera?
Ama naiz, eta nire bikotekidearekin bizi naiz etxe txiki batean. Nire ametsak lortu ditut: liburuak idatzi eta saldu, irratian lan egin. Nire familiarekin bazkaltzen dut eta gero jokoan egiten dugu, igandero bezala. Depresioa atzean utzi dut eta beti nahi izan dudan bakea dut.
Interneten zuri buruzko gauzen bila aritu izan al zara? 
Bai, uste dut hori denok egin dugula.
Zer prestatu ahalko zenuke oraintxe bertan hozkailuan daukazunarekin?
Momentu honetan hozkailua hutsik daukat. Trantxeteak, pepino txikiak eta bi arrautza ditut. Uste dut arrautzak iraungita daudela. Nori bidali diozu azken mezua?
Amari. Ileapaindegira larunbat arratsaldean joango al garen galdetu diot, familiakoekin geratuta nagoelako.
Zein da ezagutu duzun pertsona ezagunen artean gehien gustatu zaizuna?
Ez dut pertsona ezagun asko ezagutu. Orain dela hilabete batzuk Esto no es normal saiora joan nintzen eta Nerea Alias, aurkezlea, ezagutu nuen. Oso neska atsegina eta alaia iruditu zitzaidan.


Zein da zure beldurrik handiena?
Nire beldurrik handiena nire familia galtzea da. Egoera sozioekonomikoa ikusita, beldur handia ematen dit lanik ez aurkitzeak eta soldata finkorik ez izateak.
Haurtzarora eramaten zaituen janaria?
Tostadak gurinarekin, igandero egiten zituen aitak. Oso oroitzapen polita dut.
Zein izan da zure bizitzako uda?
Aurtengoa. Lodia izanik, beti nire gorputza ezkutatzen ibiltzen nintzen. Pare bat udatan etxetik ere ez nintzen irten. Baina azken bi udetan, lehenengoz, bakean egon naiz nire gorputzarekin.
Fenomeno paranormal edo azaldu ezinen bat bizi izan al duzu?
Inoiz ez. Nire telesail gogokoena Supernatural da. Desiatzen ari naiz egunen batean bizi izateko.
Puntuala zara ala beti berandu iristen den horietakoa?
Beti 10-15 minutu lehenago iristen naiz. Oso garrantzitsua bada, 30 minutu ere bai. Orain dela urte asko, eskoletara joateko bi autobus nituen; bata, bost bat minutu lehenago iristen zena, eta, bestea, berrogei. Berandu heltzeko beldurragatik, egunero berrogei minutuz itxaroten nuen kanpoan.


Nora ez zinateke berriro itzuliko?
Sevillara. Beroa ezin dut jasan, eta abuztuan Sevillara joan ginen uda ez dut inoiz ahaztuko. Nire bizitzako trauma.
Zeintzuk dira zure litxarkeria gogokoenak?
Zalantzarik gabe erregalizak, kiloka jango nituzke. Edozein, beltza izan ezik. Ez naiz fidatzen erregaliz beltza gustatzen zaien pertsonez.
Zein da zure fikziozko heroia?
Supernatural telesaileko Dean Winchester pertsonaia. Apokalipsia geratu zuen. Hamaika urte nituenetik, beraren “fan number one” naiz.


Etxeko konponketa txikietan abila al zara?
Oso, pisukideekin bizi naiz orain dela sei urtetik, eta ni naiz mainatsua.
Zer liburutako protagonista izatea gustatuko litzaizuke?
Edozein liburu erromantikotako protagonista.