Zonbiak irakasle
Iruditeria kolektiboko munstroak dira zonbiak, eta hauen inguruan hamaika film, telesail eta bideo-joko egin dira. Izaki hauek erakargarritasun handia sortu dute azken urteetan.
War World Z bezalako filmek edo The Walking Dead bezalako telesailek onarpen handia duten mundu osoko ikusleen artean, batez ere gazteen artean. Bideo-jokoei dagokienez ere Resident Evil-ek milioika jarraitzaile ditu eta zinera era eraman da saga moduan joko famatua.
Google-en "zonbiak hiltzeko bideo-jokoak" idazten badugu milioitik gora emaitza agertuko zaizkigu. Posible al da gazteek zonbienganako duten zaletasuna aprobetxatzea beren ikasketa hobetzeko? David Hunter, Seattle-eko irakasleak, frogatu du ahal dela. ZBL (Zombie-Based Learning edo Zonbietan Oinarritutako Ikasketa) deitutako metodoa asmatu du.
Ikasi jolasten
Jolasa giza espezieari loturik dago eta ikasteko oinarrizko moduetako bat da garunarentzat imitazioa eta entsegua-errorearekin batera. Jolasteak munduarekin esperimentatzea ahalbidetzen digu txiki-txikitatik, berau apur apurka ulertuz.
Jolasak irakaskuntza errazten du modu atseginean, konexio neuronalak sortuz. Haurrak forma eta kolore ezberdinetako piezekin jolasten duenean bere gaitasun espaziala garatzen ari da. Orduak pasa ditzake jolasean jostailu berberarekin, operazio berdinak errepikatzen behin eta berriz, aspertu gabe, motibatuta baitago. Ikasteak dibertitu egiten du, jolastearen ekintzak dopamina askatzen baitu garunean, plazer sentsazioa hedatuz.
Bideo-jokoak
Bideo-jokoak nahiko berria den joko mota bat da. Lehen bideo-joko makinak 70-80. hamarkadako tabernetan aurkitu zitezkeen. Egun ordea, gazteek (eta ez hain gazteek) beren etxeetan kontsola bat edo gehiago dituzte banaka edo taldean jokatu ahal izateko.Bideo-jokoek ikasten eta gure ikus eta eskuzko gaitasunak hobetzen laguntzen digute, baita orientazioa hobetzen eta hainbat jarduera momentu berean egiten ere.
Aurreko belaunaldiek ez bezala, egungo gazteek estimulazio gainkarga jaso dute txikitatik, pantailez inguratuta hazi baitira. Beti eduki dute eskura gailu elektronikoren bat izan telesail bat ikusteko edo jolasteko. Gehiegizko esposizio honek estimuluak kudeatzera behartu ditu, testuinguruz azkar aldatzeko gaitasun handiagoa garatuz. Hori bai, euren arreta gaitasuna narriatu ere egin da, denbora luzez kontzentratuta egotea gehiago kostatuz.
Nola ikasi zonbiak akabatuz
Zonbietan Oinarritutako Ikasketa da Hunter-en proposamena gazte hauen arreta eskuratuz geografia ikas dezaten. Hunter nekatuta zegoen ikusteaz bere batxilergoko ikasleek ez ziotela kasurik egiten eta ez zituztela geografiako kontzeptuak ikasten. Hori horrela, irakasle honek bere bi zaletasunak elkartu zituen: zonbiak hiltzeko bideo-jokoak eta geografia.
Proiektuaren emaitza bideo-joko bat da geografiako ikasketa plan bat duena zonbi apokalipsi baten testuinguruan. Bideo-joko hau berritzailea da, sortzailea eta erakargarria, non ikasle zein irakaslek ikasten dituzten mundu osoko kontzeptu geografikoak; euren jakintza aplikatuz, zonbiz betetako munduan bizirauteko.
Bideo-jokoaren helburua apokalipsi zonbi batean bizirauteko gaitasun nahikoak dituen geografo bat bilakatzea da. Mapak diseinatuak daude epidemia nola zabaltzen den erakusteko, ikusiz nola bilakatzen diren gizakiak zonbi. Ikasleek ez dituzte liburuak kontsultatzen lurreko baliabideak aztertzeko, horren ordez, bizirauteko zein baliabide dituzten ikertzen dute biziraun ahal izateko.
Frogatua geratu da beraz, zonbiak hilez ikastea posiblea dela. Beharbada laster ikusiko dugu metodologia hau beste ikasgaietan aplikatuta. Zuri zer iruditzen zaizu?